EUSKARA

Euskara "lehentasunez" erabiliko du Gipuzkoako Diputazioak

Euskararen erabilera plan berria onartu du aldundiak. Zerbitzu guztiak euskaraz ematea bermatu asmo dute. Proiektuetan, eragin linguistikoaren ebaluazioa egin beharko dute.

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko urtarrilak 8

Hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka berdintzea izango du ardatz Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plan berriak. 2013-2017rako plana abendu amaieran onartu zuen diputatuen kontseiluak, eta horren berri eman dute Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak.

"Ereduzko jokabidea" izan nahi du diputazioak euskararekin, eta "lehenetsi" egingo du, hizkuntzen arteko desoreka "berdintze" aldera. Helburu zehatz bat ere jarri du aldundiak: zerbitzu guztiak euskaraz emateko gai izatea. 2015erako da helburua, eta Etxeburuak jakinarazi du ebaluazioa egiten hasiko direla orain, nola ari diren jakiteko.

Hona hemen euskara planaren alor nagusietako batzuk:

1. Zerbitzuak. Euskaraz emango dizkiete zerbitzu guztiak hala nahi duten herritarrei. Hori bermatzeko, datu baseetan adieraziko dute zein den herritar bakoitzaren hizkuntz aukera.

2. Komunikazioa. Aldundiak lehentasuna euskarari emango dio komunikazio ofizialetan: bai ekitaldi publikoetan, bai hedabideen aurreko agerraldietan. Itzulpen zerbitzua jarriko dute erdaldunen hizkuntz eskubideak ez urratzeko. Bereziki tentuz jokatuko dute herri euskaldunetan.

3. Prebentzioa. Politika publikoek euskararentzat duten eragina aldez aurretik aztertu beharko dute. Ingurumen eraginaren azterketaren moduko bat litzateke, euskararen ikuspegitik egina. Euskararentzat kaltegarri den neurririk ez hartzea da helburua, eta hartu behar bada, neurri zuzentzaileak ezartzea.

Hizkuntz eskakizunetan pauso gehiago emateko asmoa du diputazioak: postu guztiek izango dute eskakizuna, eta gehienek, derrigortasun data ere bai. "Ezin dugu onartu jendaurrean langile bat egotea hizkuntza maila nahikorik gabe", ohartarazi du Etxeburuak. Leku aldaketak-eta egin dituzte hori ziurtatzeko. Datu bat eman du, hala ere: derrigortasun data duten 1.800 langileetatik, soilik hamaseik daukate maila egiaztatu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna