Aralarrek, Ezkerra Berdeak, Euskadiko CCOOk eta Lokarrik bat egin dute Bilboko mobilizazioarekin

 

Berria -

2015eko urtarrilak 8

Aralarrek, Ezkerra Berdeak, Euskadiko CCOOk eta Lokarrik jakinarazi dute bat egin dutela Bilbon etzi euskal presoen eskubideen alde egingo den mobilizazioarekin.

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak Donostiako prentsaurreko batean esan du "demokrata sentitzen diren pertsona guztiak" daudela deituak "ekitaldi duin" horretara, "abertzaleak eta ez abertzaleak". Adierazi du "gaitzesgarriak" direla "alderdi batzuen zuzendaritzek beren interesengatik eman dituzten atzerapauso koldarrak".

Nafarroa eta EAErako espetxe politikako eskumena eskatu du. "Madrilek ez ditu eman nahi, eta Barcina edo Urkulluren gobernuek ez dute behar bezalako adorerik adierazi hain garrantzitsua den espetxe politikako eskumenaren aldarrikapenean".

Elkarbizitza giza eskubideetan oinarritu behar dela dio Aralarrek, eta uste du oraindik urrats batzuk falta direla. "Bakea egiteko gai izan bada Euskal Herria, nolatan ukatuko zaio bere presoen espetxe politika kudeatzeko eskubidea?".

Ezkerra Berdeak Espainiako Gobernuaren "inmobilismoa" salatu du. 

Euskadiko CCOOk ere "espetxe politika aldatzeko" Bilboko ekinbidean parte hartzera deitu du, ohar baten bidez. Sindikatuak dio Sarek deitutako mobilizazioa isilik eta pankartarik gabe egingo dela. "Euskadiko CCOOk maiz esan izan du espetxe politika aldatu behar dela eta, zehazki, sakabanaketa amaitu behar dela. Ondorioz, gure afiliatuei manifestazioan parte hartzeko dei egiten diegu".

Lokarrik giza eskubideak aldarrikatu ditu; besteak beste, euskal presoenak. Sakabanaketa eta kartzelaldia luzatzeko neurriak bukatzeko eskatu du, ohar batean.

Ezker Anitza-IUk jakinarazi du ez dela martxara batuko. Hala ere, sakabanaketaren kontra azaldu da, "zigor erantsi bat baita".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna