TXILE

Erresistentziaren melodia

Ezaguna da Augusto Pinocheten tortura eta atxikitze zentroetan musika erabili ohi zutela presoen oinaze fisikoari psikologikoa eransteko. Ezaguna da CIArekin trebatu zirela halako tortura tekniketan. Ez da hain ezaguna, ordea, presoek ere musika erabili zutela erresistentzia tresna gisa. Webgune batek eman du argitara erresistentzia bide hori.

Villa Grimaldiko dorrea, Santiagon. Tortura eta atxilotze gunea izan zen Pinocheten diktadura garaian, memoria gune da egun./
Villa Grimaldiko dorrea, Santiagon. Tortura eta atxilotze gunea izan zen Pinocheten diktadura garaian, memoria gune da egun./ Sebastian Silva/Efe

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2015eko urtarrilak 8

Augusto Pinocheten diktadurako presoen soinu banda erakustea. Canciones cautivas proiektua, nahiago bada. Txileko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoarena da. Gaur bertan sareratu dute, www.cantoscautivos.cl helbidean. "1973 eta 1990 bitartean Txileko tortura eta atxilotze politiko guneetan idatzi, kantatu eta entzun ziren kantuen bilduma osatzea, gordetzea eta zabaltzea da helburua; baita kantu horiei lotuta memorian gorde diren banako eta taldeko esperientziak ere", jaso dute sarrera testuan.

Memoriaren soinuak: politika eta musika atxiloaldiak Augusto Pinocheten Txilen (1973-1990) ikerketa du abiapuntu egitasmoak. Katia Chornik musikologo txiletarrak egina da. Irakaslea da, Manchesterko Unibertsitatean (Ingalaterra), eta urteak daramatza Pinocheten presoen memoria musikala berreskuratzen. Bilketa horri esker jakin da Julio Iglesiasen eta George Harrisonen kantak eta Stanley Kubricken A Clockwork Orange filmaren soinu banda egunean hamar aldiz jar zitzaketela torturatzaileek. Eta Dalidaren Gigi l'Amoroso, Harry Nilssonen Without You, Gilbert O'Sullivanen Alone Again eta Cat Stevensen Morning Has Broken ere Pinocheten ziega zuloetako hotsen zerrendako kide finko zirela.

“Musikak, normalean, animoa emateko eta batasuna indartzeko balio zuen, baina estatuak horri buelta eman eta presoei noraeza eta sufrimendua eragiteko tresna oso eraginkor bihurtu zuen. Kantuak oso ozen eta etengabe entzuten ziren, presoen buruak nahasteko, eta horrek kalte fisiko zein psikologikoak zekartzan”, Chorniken arabera.

29 abesti bildu dituzte webgunean. Testigantza bati lotuak daude denak. Bakoitzaren egilea; non eta noiz kantatzen zen; nork eta nola gorde duen gogoan; eta kantuaren hitzak eta, dagoenean, audioa ere bai. Gehiago biltzeko asmoa daukate, horregatik sortu dute atal bat webgunean, memoria musikal zatia partekatu nahi duenak bertara jo dezan.

Testigantzak

“Melinkako poliklinika txikia, Puchincaviko Atxilotu Eremuan, istorio hunkigarri baten erdigune bihurtu zen 1975eko neguko gau hotz batean. Rungueko auzo herriko emakume bat bertan erditu zen, presoetakoa izan gabe. Bi preso politikok artatu zuten, izan ere, gainerako 206 presoek ziegetan lo geundela, gertatzen ari zenaz jabetu gabe. Medikuntza ikasleak ziren preso haiek, eta, eguna argitzean, albistea ziztu batean zabaldu zen”. Sergio Veselyrena da memoria zatia. Emakume hark eta jaio berriak presoen opariak jaso zituztela dio webgunean. Eta bertso batzuk idatzi  eta amari eman zizkiola. “Handik astebetera ekitaldia antolatu genuen, gertakizuna ospatzeko. Egun hartan bukatu nuen Rey Negro kanta; egun hartan kantatu nuen lehen aldiz jendaurrean”.

Luis Cifuentes Sevesek Chacabucoko Atxilotu Eremuko preso abesbatza dakar gogora, eta abesbatza horren El puntúo kantaren grabazioa ekarri du sarera. “Alberto Corvalan Castillok grabatu zuen klandestinoki. Alderdi Komunistako idazkari nagusi Luis Corvalanen semea zen, eta Bulgarian hil zen, Estadio Nazionaleko belodromoan jasandako torturek bihotza erasanda utzi izanaren ondorioz. Audioa presoek berek altxatutako tranpaldo baten behealdetik hartu zuen, eta grabadora kontzentrazio eremuko guardia batek pasatu zion”.

Jorge Montealegre Iturra ere Chacabucon egon zen preso. Gogoan du Hugo Peñolaza presoak Gardelen eta Le Peraren Volver, volver, volver ezaguna kantatu ohi zuela. “Barre autoironikoak egiten genituen 'que veinte años no es nada' [hogei urte ez direla ezer] kantatzen zuenean”. Eta zentzu berezia hartzen irudika daitezke “voy camino a la locura y aunque todo me tortura, sé querer” (Eromeneruntz noa eta, denak torturatzen nauen arren, badakit maitatzen) hitzak presoen buruetan.

Luis Cifuentes Sevesek, berriz, Frankie Lainek ezagun egin zuen Answer Me dauka gogoan: “Answer me, oh my love, just what sin have I been guilty of” (Erantzuidazu, maitea, zein pekaturen errudun naizen). Estadio Nazionala Preso Gunean egon zen, eta bertako aldageletan kantatu zuen abestia, 1973ko azaroan. “Militarrek baimena eman ziguten galdeketa aurretik eta ondoren ekitaldi artistikoak egiteko. Galdeketak tortura saioak ziren”.

Ana Maria Jimenez Villa Grimaldin egon zen 1975eko apirilean. Musika ikaslea zen, eta zaindarietako batek kantatzeko eskatu zion behin, aspertuta zeudela eta. Hasiera batean, uko egin zion kantatzeari, baina beste preso batek baietz esan zion, lagun jugoslaviarra hilzorian zela dorrean eta lagunduko ziola akaso musika apur bat entzuteak. Mercedes Sosaren Zamba para no morir kantatzen hasi zen. "Berehala eskatu zidan zaindariak isiltzeko, ez hasteko politikakeriekin. Mutu geratu nintzen. Denak ziegetara bidali zituen, baina ni patioan utzi ninduen, hotzak eta bakarrik. Erresistentzia ekintza bat egin nuela sentitzen nuen, ordea, eta horrek lagundu egin zidan”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna