Albistea entzun

EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO MOBILIZAZIOA

Ozen, argi eta garbi

Bilboko udaletxea eta Casilla arteko bidea lepo bete dute milaka eta milaka herritarrek 'Now Euskal Herrira!' mobilizazioan. Ibilbide osoa argiztatu dute izpiak sortzeko makilatxoak batera piztuta

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko urtarrilak 12 07:55

Bilboko Casillatik Zabalbururainoko bidea, lepo. Zabalburutik udaletxerakoa ere bai. Autonomia kalea eta Hurtado Ametzaga jendez beteta egon ziren 17:30etik ia 19:00etara arte. Mezu bat ozen adierazteko. Euskal gizarteak presoen sakabanaketa berehala amai dadila eskatzen duela aldarrikatzeko. «Argi» erakutsi nahi zuela esana zuen Sarek. Eta garbi adierazi zuen. Argitxo eta guzti. Milaka eta milaka lagunek argitu zuten Casillatik udaletxera arteko bidea. Aldi berean piztu zituzten koloretako makilatxoak ibilbide luzea betetzeko adina lagunek. «Argi» dutela adierazteko. Besoak altxatuta erakutsi zioten argiztatutako bidea «munduari». Koloretako izpiak astinduz, gora eta behera mugituz, ezker-eskuin eginez. Inoiz ikusi gabeko irudia utzi zuten argiztapenaren bitartez.

Furgoneten lan zaila

Protesta abiatu aurretik, zalantzak ziren nagusi emaitzaren inguruan. Bazen bi abiapuntuko ibilbidea egitea akatsa zela zioenik. Izan ere, Casillan jendetza bazegoen ere, atzealdean beste batzuetan baino jende gutxiago nabari zen. Martxa abiatu eta protestaren buruan jarri orduko, ordea, sorpresa zen nagusi jendearengan. Bete-betea zegoen Zabalburura arteko bide osoa. Ibilbidea zabaldu behar zuten furgonetek nahikoa lan izan zuten aurrera egiten. Hala ere, astebururo izaten duten eginbeharraren aldean arina zela-eta, gustura ziren gidariak.

Granada, 875 kilometro. Villafranche, 785 kilometro. Almeria, 1.040 kilometro. Huelva, 995 kilometro. Txartel horiek zituzten Casillatik abiatutako furgonetek. Hain zuzen, Mirentxin furgonetak ziren, senideak kartzelara eramateko astebururo boluntarioek gidatzen dituztenak. Mobilizazioa babesteko presoek asteburu honetan bisitarik ez izatea erabaki zutenez, Bilbon ziren atzo furgonetak. Baita presoen senideak ere. Bi multzo horiek joan ziren, hain justu, protesta jendetsuaren buruan, eta txalo zaparrada etengabeak jaso zituzten.

«Furgoneta horiek gelditu daitezen nahi dugu!», entzun zen behin baino gehiagotan bozgorailuetatik. «Ez dezatela halako bidaiarik gehiago egin beharrik izan». Ibilbidean zehar etengabe izan zen gisara, txalo ozenek hautsi zuten berez isila zen protesta. Behin eta berriz errepikatu zen lelo bat ere, ozen: «Euskal presoak, etxera!». Ia etengabe. Autonomia erdian, txaranga alai batek hausten zuen isiltasuna, ingurukoak girotuz.

Zabalburu plaza topagune

18:15ean iritsi ziren furgonetak Zabalburura; jendetzaren txalo zaparrada jaso, eta jarraian aldendu ziren. Senideak plazara sartu zirenekoa are zaratatsuagoa izan zen. Hunkituta zeuden senideak, eskuak gorritu arte jotzen zebiltzanak. Casillatik abiatutako senideak eta udaletxetik abiatutakoak bertan elkartu ziren. Guztiak, senideen zapiekin eta presoak etxeratzea aldarrikatzen duten ikurrekin. Zutabe bakoitzeko buruan zihoazenek argi kinkea ere bazuten. Ehunka senidek bete egin zuten oholtzaren aurrean gordea zuten zati handia. Plazaren alde guztietatik sortutako irrintziek eman zieten ongietorria. Eta txalo gogorrek.

Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek presoak etxeratzeko nahia eta datorren urtarrilean jendetza bera «ospatzeko» bilduko den esperantza agertu zuten bertsotan.

«25 urte baino gehiago dira jada», hasi zuen ekitaldiaren aurkezpena Saroi Jauregi gai-jartzaileak. Fermin Muguruza musikariarekin batera aurkeztu zuen ekitaldia. «Milaka pertsonaren giza eskubideak urratzen dituzte, espetxe barruan nahiz kanpoan. Urraketa planifikatua da, erabaki politiko baten ondorio, eta minean eta mendekuan oinarritua».

Ezin ulertua

Muguruzak Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera salatu zuen. «Ez dugu ulertzen legearen barruan egin daitekeena ez egitea, pertsona guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen urratsik ez egitea. Ez dugu ulertzen konponbidea elikatu beharrean oztopoak jartzea».

Sakabanaketaren aurka elkartu eta saretzeko deia egin zuten biek. Gaia giza eskubideei dagokiena izanik, «sigla eta helburu politiko zehatzetatik» aldentzeko eskatu zuten, eta «guztientzat hobea izango den etorkizun baterako oinarri komun eta sendoa» eraikitzeko.

Maite Mangado eta Hegoa Arakama senideek ere eskubideen aldeko lanean batzeko eskatu zuten: «Giza eskubideen alde dagoen pertsona oro sakabanaketa amaitzeko aktiboa izatera gonbidatzen dugu». Izan ere, legez, gizalegez eta bakearen izenean presoak maite dituztenen ondoan eta herritar guztiengandik gertu egon behar dutela uste dute. Eta, hori, «aktibatuta» soilik lortuko dela. Bide horretan, sakabanaketaren berri munduan emateko helburuz Sarek kaleratu dituen 500.000 liburuxkak zabaltzeko deia egin zuten.

Argitxoak piztuak zituzten, ordurako, milaka lagunek. Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek Zenbat abestua zuten. Aire Ahizpek, herritarrekin, Hator hator kantatua. Giro onean amaitu zuten ekitaldia, eta ilusioa piztuta.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Usurbilgo udaletxea. ©NOAUA

Usurbilgo Sagardia plazaren izena aldatzeko exijitu du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Xabier Martin

Joxe Martin Sagardia euskal errefuxiatua BVEk hil zuen 1980an, Miarritzen. ETAko ustezko kideen zerrenda batean dagoela esan dio udalari Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, eta Terrorismoaren Biktimen Legea urratzen duela plazaren izenak.

Eneko Andueza eta Maria Txibite, bilera ostean. ©Berria

Sozialistak «ongizatearen berme» direla esan dute Anduezak eta Txibitek

Gotzon Hermosilla

PSE-EEk eta PSNk bilera egin dute, eta bi alderdien arteko «lotura estuak» nabarmendu dituzte.

<b>Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena ospatu zen atzo Senatuan.</b> ©J.C. HIDALGO / EFE

Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean»

Joxerra Senar

Senatuan egin da Nafarroako estatutuaren urteurreneko ekitaldi nagusia. Hitzeman du «lehenbailehen» egingo dutela ituna trafiko eskumenari buruz

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena aurrekontuei buruzko agerraldi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Oposizio taldeak adina osoko zuzenketa Jaurlaritzaren aurrekontuei

Xabier Martin

Osoko zuzenketez gain, 711 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+C’s-ek, 1.433 milioi eurorenak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...