Politika

Hiri elkargoa egituraketarako lehen urrats gisa bultzatuko du Baterak

Biltzarra egin dute gaur goizean, Ezpeletan. Ipar Euskal Herriarentzako lurralde elkargo bat aldarrikatzen jarraituko dutela baieztatu dute bertaratutakoek, baina Frantziako lurralde erreformaren testuinguruan prefetaren proposamena onartzea hobetsi dute. Mobilizazioak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako.

Dozenaka lagun elkartu dira Ezpeletako Patronage gelan, Bateraren biltzarrean.
Dozenaka lagun elkartu dira Ezpeletako Patronage gelan, Bateraren biltzarrean. /Sylvain Sencristo

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko urtarrilak 10

Aldaketa handiko urtea izanen da 2015a Frantziako lurralde egituraketan. Alde batetik, mapa 22 eskualde izatetik hamahiru izatera igaroko da —Limousin eta Poitou-Charentesekin elkartuko da Akitania—, eta bestalde, herri elkargoek ere izanen dituzte aldaketak —erabakitzeke dago 20.000 biztanleko gutxienekoa izanen duten ala ez—. Eztabaidak ez dira oraino trenkatuak, baina Baterak argi du testuingurua garrantzitsua izanen dela Ipar Euskal Herriaren geroarentzat. Horregatik, ahalik eta erabakirik egokienak hartzea du xede, eta prefetak proposaturiko hiri elkargoaren alde eginen dutela adostu dute, erdibideko urrats gisa.

Mozio bat onartu du gaur Baterak, Ezpeletako Patronage gelan (Lapurdi) eginiko bilkuran. Ipar Euskal Herriarentzako hiri elkargo bakarraren alde egiteaz gain, horren inguruko informazioa gizartera zabaltzea garrantzitsua dela nabarmendu dute. Horretarako, mobilizazioak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. Lehena departamenduko hauteskundeekin batera eginen dute —martxoaren 22 eta 29an iraganen dira hauteskundeak—. Hautetsiei lurralde elkargoaren eta herri elkargoaren eskumenen inguruan posizionatzeko eskatu nahi diete, bertzeak bertze.

Zalantzen aitzinean, batasuna

Prefetak egindako proposamena konstituzioaren aurka doan ala ez, hori ere izan dute eztabaidagai gaurko bilkuran. Izan ere, Ipar Euskal Herri osorako hiri elkargo bat sortzeak arazoak ekar ditzake. Herri bakoitzak izan beharko luke ordezkari bat elkargo horretan, eta beraz, ordezkaritza bera lukete, erraterako, Baionak eta 200 biztanleko herri txiki batek. Ordezkari kopurua ere handiegia litzateke elkargoaren ibilmolderako.

Bertze zenbait arlotan ere badira zalantzak oraindik, eta beraz, etengabe egokitzen joan beharko dute proposamen eta mobilizazioek. Adostasunik ez da falta, halere, Baterakoen artean. Guziek egin dute mozioaren alde, bi abstentziok izan ezik, eta talde eragileko kide berriak ere ahobatez hautatu dituzte. Honakoak izanen dira: Leonie Agergarai, Juliette Berguinan, Mixel Berhokoirigoin, Martine Bisauta, Nicolas Blain, Jakes Bortairu, Frantxua Maitia, Pierre Casenave, Sebastien Castet, Panpi Dirassar, Philippe Duluc, Jean Rene Etxegarai, Beñat Elkegarai, Txetx Etxeberri, Paxkal Indo, Xabi Larralde, Lucienne Laxage eta Menane Oxandabaratz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna