Mundua

Pobrezia eta ezegonkortasuna dira nagusi Haitin, lurrikaratik bost urtera

2010eko urtarrilaren 12an 7,2 graduko seismoak astindu zuen uhartea, 200.000 hildako eta bost milioitik gora kaltetu utziz.

Bi emakume Port-au-Princeko erdigunean. HIria suntsitu zuen 2010eko lurrikarak.
Bi emakume Port-au-Princeko erdigunean. HIria suntsitu zuen 2010eko lurrikarak. Orlando Barria / EFE

Arantxa Elizegi -

2015eko urtarrilak 11

Ezustean harrapatu zituen guztiak seismoak. Uharte osoa astindu zuen arren, Port-au-Prince hiriburuan eragin zuen kalte handiena. Badira bost urte ordutik, baina herrialdeak ezin izan du bere onera itzuli. Orduan etxerik gabe geratu ziren herritarretatik askok behin-behineko txaboletan bizitzen jarraitzen dute.

Sesimoak berak eragin zuen hondamemdiaz gain, gerora eta baliabide eskasen eraginez, malaria izurritea ere zabaldu zen Haitin, ehunka hildako eraginez.. Bestetik, lapurretak eta batez ere emakumeen aukako indarkeriak nabarmen egin zuten gora hurrengo hilabeteetan, segurtasun ezaren ondorioz.

Ordu hartan, ohikoa den moduan, gobernu eta nazioarteko erakundeek dirutza iragarri zuten herrialdeari laguntzeko. Diru horren zati handi bat ez da, hala ere, haitiarren eskuetara heldu. Hala salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. NBEren datuen arabera, iragarritako 9.000 milioi dolarretatik soilik %10 inguru heldu da Gobernuaren eskuetara. Beste guztia atzerriko taldeen esku geratu zen.

"Asko ez dira ohartzen atzerriko erakundeak diru horretaz baliatzen direla unean uneko laguntza eskaintzeko, eta ondorioz, bertako erietxe eta bestelako erakundeek ez dutela diru horren laurden bat ere jasotzen. Horrek ondorio larriak dakartza luzera", gaitzetsi du NBEko ordezkari bereziaren bulegoko kide Paul Farmerrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna