Euskara

Beste zazpi udalerrik jaso dituzte helegiteak agiriak euskaraz bidaltzeagatik

Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak auzitara eramango dituztela salatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Gainera, Zerain Ueman sartzeko erabakiari ere jarri dio helegitea Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok.

Carlos Urkijo, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn.
Carlos Urkijo, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Berria -

2015eko urtarrilak 13

Agiriak euskaraz bidaltzeagatik Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek helegiteak jaso zituzten duela hilabete. Bada, Uemak salatu duenez, zerrendari beste zazpi udalerri gehitu behar zaizkio: Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalek ere jaso baitute Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijoren helegitea.

Horretaz gainera, Berastegiko Udalari bezala, Zeraingo Udalari ere helegitea jarri dio udal horrek Ueman sartzeko hartutako erabakiari.

Maren Belastegi Uemako lehendakariak oso larritzat jo du helegiteen ondorioz udalek duten egoera: "Euskararen ofizialtasuna bera ari da zalantzan ipintzen. Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik”.   

Uemak salatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak susmopean jarri dituela bi udalek Ueman sartzeko hartutako erabakia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana. Egoera horretan, “behar-beharrezkoa da bat eginda erantzutea”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna