Osasuna
C hepatitisa duten gaixoak itxialdian daude Nafarroako Ospitalean
Gaixoen ordezkaritza talde bat Marta Bera Osasun Kontseilariarekin dago bilduta; protestan dauden gaixoek hartu duten aretora iritsi berria da Foruzaingoa.
Osasunbideak gure bizitzekin jolasten du' leloarekin pankarta eskegi dute gaur eguerdian Iruñeko Bideko Ama ospitalean C hepatitisa pairatzen duten gaixoek. Haientzako sendagai berria bideratzeko eskatzen duten 30 herritar inguru daude bertan itxialdian. Joan den astean ere saiatu ziren protesta bera egiten, baina poliziak eragotzi egin zien.
Bien bitartean, gaixoen ordezkaritza talde bat bilduta dago Marta Bera Osasun kontseilariarekin, eta, protestaren bultzatzaileek BERRIAri adierazi diotenez, akordiorik lortu ezean ez dira ospitaletik aterako. Hain zuzen, C hepatitisarentzat sendagai berria errezetatzeko eskatuko diote Osasun sailburuari.
Paco Llorca Nat elkarteko kidea kexu azaldu da ospitaleko zuzendariek ez dietelako babesik eman: “Beste ospitaleetan itxialdiak egin dituzte eta ospitaleko jendearen babesa eduki dute. Hemen ez eta asaldagarria da”. Oraindik orain itxialdia egiten jarraitzen dute, eta Bideko Ama Birjinaren ospitalean egoterik ez badute, Nafarroako Ospitale Guneko beste toki batean jarraitzeko aukera izango dutela adierazi du. “Herritarrek gurekiko enpatia ariketa egin behar dute. Egunero adiskideak hiltzen zaizkigu eta ezin dugu horrela jarraitu”.
Llorcak salatu du ziurgabetasun egoeran egiten ari direla itxialdia, eta modu baketsuan egingo dutela euren aldarrikapena. Llorcak nabarmendu du itxialdia egitera gaixo diren batzuk ere etorri direla: “Pneumonia eta guzti etorri dira babesa ematera eta hori azpimarragarria da”.
Foruzaingoa protestan dauden gaixoek hartu duten aretora iritsi da, baina azkenean ez dituzte bertatik kanporatu, eta itxialdia egiten jarraituko dute. Komunikabideei igorritako oharrean jakitera eman dutenez, itxialdia egiten jarraituko dute gaur gauean. Mobilizazio horren bidez, "gobernu zentralaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrerak" kritikatu nahi dituzte. Hepatitis C gaitzaren aurkako sendagai berria dago eta Espainaiko Gobernuak irizpideak ezarri ditu bere banaketa lehenesteko. Hartara, itxialdia egiten dutenek estrategia bertan behera uzteko eskatu dute.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.
