Moneta politika
Babes juridikoa euroa salbatzeko planari
EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak ontzat jo du EBZk herrialdeen zor subiranoa erostea, zenbait baldintza kontuan hartuta.

EBZ Europako Banku Zentralak euroa salbatzeko asmoz iragarri zituen neurriak bat datoz Europako Batasuneko legediarekin. Hala uste du, behintzat, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak. Bereziki, finantza merkatuetan finantzaketa lortzea garestiegi ateratzen zitzaien herrialdeen zor publikoa erostea aurreikusi zuen banku zentralak. "Hasiera batean", erosketa horiek "zilegiak eta moneta politikarekin bateragarriak" direla adierazi du abokatu nagusiak.
Abokatu nagusiak gaur argitaratu duen iritzia ez da bete beharrekoa. Kasu gehienetan, ordea, epaileek irizpide horri jarraitu ohi diote erabakitzerakoan. Edonola ere, Mario Draghi EBZko presidenteak euroguneko krisiari aurre egiteko diseinatu zuen estrategiak bultzada juridikoa jaso du gaur.
2012. urteko irailaren 6an, OMT (Outright Monetary Transactions) izeneko programa onartu eta aurkeztu zuen EBZk. Programa horren helburua euroguneko hainbat herrialde —Espainia eta Italia, bereziki— ordaintzen ari ziren interes handiak murriztea zen. Baldintzapeko laguntza izango zen: horren truke herrialde horiek erreskate programa bat sinatu beharko zutelako, eta ezarritako erreformak eta murrizketak gauzatu.
OMT programa ez zen sekula juridikoki garatu, interes tasak eta euroaren egoera leuntzen hasi zirelako. Haatik, Alemaniako hainbat eragilek horren aurka egiteko helegitea jarri zuten Alemaniako Auzitegi Konstituzionalean. Egoera ikusita, Konstituzionaleko epaileek programaren legezkotasunari buruz Europako justiziari galdetzea erabaki zuten.
Baldintza batzuk
Pedro Cruz Villalon izan da kasuko abokatu nagusia. Haren eginkizuna auziari buruzko iritzi independente bat ematea da, ondoren epaileek kasuari buruz behin betiko erabakia har dezaten. Haren ustez, moneta politika erabakitzerakoan EBZri tarte zabala utzi behar zaio, auzitegiek ez dutelako bankuak bezain besteko "esperientzia eta espezializazioa". OMT programa moneta politika izan badela arrazoitu du, ezohikoa bada ere.
Alemaniako eragileek zalantzan jarri zuten izaera hori, eta EBZri politika ekonomikoa egin nahi izatea egotzi zioten, legez debekatua duen zerbait. Abokatu nagusiak argudio hori errefusatu du, baina ohartarazi du ondoren banku zentralak ezin duela "zuzenean" parte hartu erreskatea jasotzen duten herrialdeen laguntza programan.
Halaber, ezohiko neurri bat denez, hori hartzea justifikatzen duten arrazoiak "argi eta garbi" azaldu behar direla dio abokatu nagusiak. Erosketa ez denez sekula praktikan jarri, EBZk ez du horren beharrik izan.
Muinari buruz ere ari da abokatu nagusia. Interes tasak murrizteko bide "egokia" iruditzen zaio. "Beharrezkoa eta proportzionatua da", azpimarratu du. Arrazoia argi argudiatzeari eta proportzioa betetzeari garrantzi berezia aitortzen dio.
Azkenik, erosketa gauzatzeko moduari buruz ere irizpideak ezarri ditu. Funtsean, herrialdeen zorra jaulki eta berehala ez erostea eskatu du. Hots, EBZk erosi aurretik bonuak merkatuan bolada batez egotea, merkatu prezioa izan dezaten.
Abokatu nagusiaren iritzia entzun ondoren, Alemaniako Konstituzionalari erantzuna eman beharko dio Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.