PARISKO ATENTATUAK

50 auzi ireki dituzte Frantzian, terrorismoa ustez goratzeagatik

Dieudonne umoristaren aurkakoa da auzietako bat. Etxera joan zaio Polizia, behin-behineko atxiloaldian galdekatzera. Gaur astebete 'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren kontra egindako atentatuaren eta ondorengo gertakarien inguruko dozenaka lagunen adierezpenak ikertzen ari dira.

Dieudonne M'Bala M'Bala, 2009ko agerraldi batean. /
Dieudonne M'Bala M'Bala, 2009ko agerraldi batean. / Didier Jouret/Efe

Berria -

2015eko urtarrilak 14

"Charlie Coulibaly sentitzen naiz", idatzi zuen Dieudonne M'bala M'bala umoristak igandean Facebookeko bere kontuan: hitz jokoa egin zuen Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako asteazkeneko atentatuaren haritik mundu osora zabaldu zen Je Suis Charlie leloarekin eta hurrengo orduetan polizia bat eta koxer denda bateko lau bezero hil zituen —eta Poliziak ostiralean tiroz hil zuen— Amedy Coulibalyren abizenarekin. Gerora, esaldi hori ezabatu egin zuen sare sozialetik.

Adierazpena nardargarritzat jo zuen Frantziako Barne ministro Bernard Cazeneuvek, eta neurriak iragarri zituen. AStelehenean abiarazi zuten ikerketa, eta gaur goizean etxera joan zaio Polizia Dieudonneri, "terrorismoaren gorazarrea" egin ote duen argitzeko asmoarekin berri agentzien arabera. "Goizeko zazpietan, Polizia talde bat etorri da etxera, hamar bat agenterekin, Dieudonne bere umeen aurrean galdekatzera", idatzi du umoristak berak Facebookeko bere kontuan.

Ez da Poliziak Dieudonne ikertzen duen lehen aldia. Arrazen arteko gorrotoa sustatzea eta iraintzea —juduak batez ere— leporatu izan diote behin baino gehiagotan. Azken ikerketetako bat James Foley kazetari estatubatuarrari buruz moztu ziotenekoa da. Estatu Islamikoaren hilketa hura Muammar Gadafirenarekin eta Saddam Husseinen exekuzioarekin alderatu zuen bideo batean. Ustezko zerga iruzurrarengatik ere ikertzen ari dira umorista.

Bost zigor dagoeneko 

Justizia Ministerioko iturriak aipatuz Le Monde egunkariak jakinarazi duenez, 50etik gora ikerketa abiarazi dituzte Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua gertatu zenetik. Atzo 20 pertsonaren inguruko ikerketa abiarazi ei zuten, eta haietako zortzik dagoeneko jaso dute horren jakinarazpen ofiziala, beste zortzik berehala agertzeko agindua jaso dute eta hiru behin-behinean atxilotu dituzte. Bost zigor ere ezarri dira jada, eta ez nolanahikoak.

34 urteko gizonezko bati, esaterako, lau urteko kartzela zigorra ezarri diote, igandean auto istripu bat izan ondoren atentatuei buruz egindako adierazpenak "larrigarritzat" hartu ostean. Beste bi gizon, kalean egindako oihu batzuengatik zigortu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: