Parisko atentatuak

Yemengo Al-Qaedak bere gain hartu du 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa

"Parisko zorioneko inbasioa" Arabiako Penintsulako Al-Qaedak planifikatu eta finantzatu zuela baieztatu du Nasr bin Ali al-Anesi xekeak Al-Malahem Media webgunean, eta Kouachi anaiak zoriondu ditu.

Yemendar bat, telebistari begira, saio batean aldarrikapenaz ari direla. /
Yemendar bat, telebistari begira, saio batean aldarrikapenaz ari direla. / Yahya Arhab/Efe

Berria.eus -

2015eko urtarrilak 14

Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako erasoa "Alak aukeratutako profeta iraindu dutenen aurkako mendekua" izan dela adierazi du AQAP Arabiako Penintsulako Al-Qaedaren buruzagi militar eta ohiko bozeramaile Nasr bin Ali al-Anesi xekeak. Al-Malahem Media webgunearen bidez zabaldutako 11 minutuko bideo batean, "Parisko zorioneko inbasioa" Yemenen egoitza duen Al-Qaedaren sailak planifikatu eta finantzatu zuela baieztatu du Al-Ansik, eta Said eta Cherif Kouachi anaiak zoriondu ditu. Bien irudiak ageri dira xekearen atzeko bideo muntatze batean, Mahomaren irudiak argitaratzeagatik herrialde musulmanetan egin diren protestez eta Irailaren 11ko erasoen eta Afrikan Frantziaren esku hartzearekin egin diren operazioen irudiez gain. "Sinesgabeak shock egoeran daude", dio Al-Ansik, iragan asteko atentatuen kontra Parisen eginiko protesten irudiak ateratzen diren unean: "Parisen, New Yorken, Washingtonen, Londresen nahiz Espainian, haien zauriak oraindik ez dira osatu".

Kouachi anaiek Yemengo Al-Qaedaren izenean ari zirela esan zuten Charlie Hebdo-ren egoitzan erasoa egin zutenean. Amedy Coulibalyk, aldiz, hurrengo egunean ustez udaltzain bat hil eta koxer janari denda judu batean hainbat bahiturekin gotortu eta haietarik lau hil zituen ekintzaileak, Estatu Islamikoko kidetzat jo zuen bere burua, eta Iraken eta Sirian kaliferri bat eratu duen taldearen bandera batekin agertu zen erasoa bere gain hartzeko bideo batean. Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua eta Coulaby "anaia mujahidinaren operazioa" aldi berean gertatzea "Alaren nahia" izan zela adierazi du AQAPen bozeramaileak, bi ekintzak lotuta zeudela ukatuz. Gotortuta zeuden eraikinak hartzeko polizia operazioan hil zituzten hiru ekintzaileak. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna