EUSKARA

Euskararen legea aldatzeko lehen urratsa egin du Nafarroako Parlamentuak

UPNk eta PPk ez beste talde guztiek babestu dute proposamena batzordean; osoko bilkurara joango da orain. Ikastolen egoeraz desadostasunak sortu dira.

Alderdietako ordezkariak, batzordean, gaur.
Alderdietako ordezkariak, batzordean, gaur. I˝igo Uriz/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko urtarrilak 14

Onartzeko bidean behin betiko lehen urratsa egin du euskararen legea aldatzeko proposamenak. Batzordean aztertu eta bozkatu dute eskaria, eta orain arteko jarrerak berretsi dituzte taldeek: D eredua eremu ez-euskaldunean eskaintzearen alde bozkatu dute PSNk, Bilduk, Aralar-Nabaik eta Ezkerrak —Geroa Baik ez, ez dagoelako batzordean—. Aurka agertu dira UPN eta PP.

Osoko bilkuran aztertu behar dute gaia behin betiko onartu aurretik. Hilabete bukaera aldera edo izan daiteke hori. 

Zuzenketak ere aztertu dituzte batzordearen bileran. Ikastolei buruz sortu da desadostasuna: sare publikoan D eredua eskaintzen hasita ikastolak babestu behar diren edo ez. Geroa Baik zuzenketa bat eraman du, eremu ez-euskalduneko ikastoletako garraioa eta jantokia gobernuak ordain dezan; Bilduk eta Aralar-NaBaik ere hori proposatu dute, baina "behin-behineko" neurri gisa, adostasuna lortzea errazagoa zelakoan horrela. Ez da halakorik izan: PSNk eta Ezkerrak ez dute babestu zuzenketa hori.

PSNren zuzenketa bakarra irten da aurrera: gobernuari eskatu diote erregelamendu bidez ezar dezala zein izango den gutxieneko ratioa D ereduko ikasgelak zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna