Katalunia

Irailaren 27an egingo dituzte hauteskundeak Katalunian

Abuztuan desegingo dute Kataluniako Parlamentua, eta irailaren 11n hasiko da hauteskunde kanpaina, Diadarekin. Zerrenda bereizietan aurkeztuko dira independentziaren aldeko alderdiak, baina bide orri bakarrarekin. Independentziarako prozesuan "irabazi arte" jarraitu nahi duela ziurtatu du Masek, eta subiranisten arteko "elkarlan eta konfiantza giroa" berreskuratu dutela berriro. Junquerasek ere konfiantza berreskuratu dutela nabarmendu du, eta jada hauteskunde plebiszitarioen eguna ezarri dutenez, "behin betiko kontsulta irabazi" behar dela nabarmendu du.

Berria.eus -

2015eko urtarrilak 14

"Uda bukatu bezain bizkor", irailaren 27an, egingo dituzte hauteskundeak Katalunian. Hala jakinarazi du Artur Mas presidenteak. ERCko presidente Oriol Junquerasekin eta gizarte zibileko ordezkariekin bilera egin du Masek gaur arratsaldean, eta ustekabean egin du agerraldia gaur iluntzean, "batasuneko akordioaren" berri emateko. Izan ere, argibideak bihar emango zituela aurreratu zuen asteartean.

Azaroan herri galdeketa ezin izan zela "behar bezala" egin, baina irailean, azkenean, Kataluniako herriak independentziari buruzko iritzia eman ahal izango duela ziurtatu du Masek. Hauteskundeetan zerrenda bereizietan aurkeztuko dira Espainiako Estatuarekiko lotura apurtzeko prest dauden alderdiak, baina independentziarako prozesua azkeneraino eramateko "bide orri bat" bakarra eramango dute CiUk eta ERCk.

Bide orri hori adosteko lanak "oso aurreratuak" daudela adierazi du Masek. Iraileko hauteskundeetan, alderdiek beren hauteskunde programetan txertatuko dute bide orria. Maiatzean egingo dituzte udal hauteskundeak, eta hortik sortuko diren udalei eta gainerako alderdi politikoei ere egingo diete bide orri horrekin eta prozesuarekin bat egiteko eskaintza.

Egutegiaren arabera, beraz, abuztuan desegingo da Kataluniako Parlamentua eta, beraz, irailaren 11n hasiko da hauteskunde kanpaina. Diada bete-betean. Masek adierazi du azken urteetako Diadak "oso ikusgarriak" izan direla baina aurtengoa are eta bereziagoa izango dela.

Independentziarako prozesu politikoaren gaineko adostasuna nahastu eta hautsi egin da azkeneko asteetan, ERCren eta CiUren artean hauteskunde deialdia nola egin eta zerrenda bakarra egin edo ez egin adostu ezinik ibili direlako. "Baina hori aldatu egin da", esan du Masek gaur. "Zorionez". Presidenteak barkamena eskatu dio Kataluniako gizarteari. Azaroaren 9ko prozesuaren ondotik, "modu positiboan" eraikitako akordio giroa arrakalatu egin dela onartu du. "Herrialdearen interes nazionalaren aurkakoa izan da".

Gaur, ordea, "garaipenera" arte joateko "batasuneko akordioa" berreskuratu dutela ziurtatu du Masek, "trantsizio nazionalerako prozesu politikoa" jarraitzeko. Konfiantza giroa berreskuratu dutela baieztatu du Oriol Junquerasek ere. "Egin nahi dugu, eta egin nahi dugu ongi, eta egin nahi dugu gehiengo soziala egoteko moduan, irabazteko", esan du Masek. Alderdi subiranisten artean ez badago errespeturik eta elkarrekin batasunean aritzeko borondaterik, ezingo da prozesua burura eraman, presidentearen arabera.

"Estatu egiturak" bukatzeko akordioa

Akordioa ez da, soilik, hauteskundeak aurreratzeko. 2012an CiUk eta ERCk egin zuten gobernu akordioa "berrindartu" egin dutela adierazi du Masek. Azken hilabeteetan "kolokan" egon dela onartu du. Baina gaur gobernu akordio horren barruan zeuden beste puntu batzuk aurreratzeko adostasuna egin dutela azaldu du.

Alde horretatik, "estatu egiturak" eraikitzen jarraitzeko akordioa egin dutela adierazi du Masek. Estatu egitura horiek "funtsezkoak" dira trantsizio nazionalerako prozesua bukatzeko, presidentearen hitzetan. Estatu egituren artean aipatu ditu Generalitatearen kanpo politikarako egiturak eta seguritate sozialeko administrazioa, besteak beste. Horrekin batera, egitura horiek posible egiteko araudiak eta legediak garatzeko ere akordioa berretsi dute.

Gainera, orain bidean diren lege batzuk amaitzeko akordioa ere egin dute ERCk eta CiUk. "Herrialdearen, ekonomiaren eta ekintza sozialaren" martxarako beharrezkoak dira lege horiek, Masen arabera. Hezkuntza profesionalerako legea, administrazioa sinplifikatzeko legea eta pobreziaren aurkako plana aipatu ditu. Baita eskola legea ere, 2015eko ikasturtea Kataluniako legeen arabera has dadin, eta ez "Madrileko legeen" mende. Bestalde, hauteskundeetako administrazioa garatzeko beharra ere aipatu du, bide beretik.

Masek kazetarien galderak erantzuten bukatu orduko hartu du hitza ERCko presidente Oriol Junquerak, eta konfiantza berreskuratu dutela nabarmendu du. Jada hauteskunde plebiszitarioen eguna ezarri dutenez, nahiz eta ERCk berehala nahi zituen bozak, orain "behin-betiko kontsulta irabazi" behar dela nabarmendu du. Halaber, Masen gobernua babesteko konpromisoa dutela eta presidenteak hala eskatuz gero exekutiboan parte hartzeko aukera ere izan dezaketela adierazi du ERCko presidenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna