Kulturaren egoera Nafarroan

Urakanaren osteko aukerak

"Miseriak" utzi ditu Barcinaren gobernuaren kultura politikak, Eskasiaren Kultura taldearen ustez. Erroak askoz sakonago dituen eredu baten azken adierazpenak baino ez dira murrizketak. Eta orain, ekaitza pasatuta, egoerari buelta emateko aukerak sortzeko itxaropena dute.

Orain urtebete zabaldu zuten Katakrak gunea.
Orain urtebete zabaldu zuten Katakrak gunea. Iņigo Uriz / Argazki Press

Ander Perez - Nafarroako Hitza

2015eko urtarrilak 16

Pasatu da Barcina urakana, badoaz urak, azaleratu dira miseriak, baina eguzkia atera da, eta ireki dira kolaboraziorako aukera berriak". Txio batek jaso du hausnarketa, Eskasiaren Kultura taldeak egindako jardunaldien laburpen gisara. Joan den larunbatean egin ziren topaketak, Iruñean, iaz hasitako bideari jarraipena emanez. Nafarroarako zer kultura nahi ote duten, horixe galdetu zieten partaideei. Eta, Xabier Epalza taldeko kideak azaldu duenez, ez zen erantzun bakarra izan, "erantzun pila bat" baizik.

Diagnostikoa izan zuten abiapuntu partaideek: "Urakana". Batetik, azken urteetan instituzioek kultura esparruan egindako murrizketak, eta sektorean izandako enplegu suntsipena. Bestetik, Epalzaren hitzetan, "kultura ofizialaren eta kale kulturaren artean dagoen haustura". Haren hitzetan, "euskaran ere nabaritzen da hori, leku batean eta bestean ematen zaion trataeran eta lekuan". Egoera ongi ezagutzen du Arantxa Goienaga AEK-ko Irrintzi euskaltegiko kideak. Hura da astero euskarazko jarduerekin agenda egiteko arduraduna. Eta agenda osatzeak "nahikoa lan" eskatzen duela aitortu du, euskarazko kultura eskaintza "nahikoa urria" delako. Euskarazko jarduerak antolatzen dituztenenen artean komunikazioa falta dela dio Goienagak, baina instituzioetan jarri du fokua bereziki: "Hainbat udalerritan izan ezik, herri ekimenetik sortzen da euskarazko kultura gehiena". Instituzioetatik, aldiz, ezer gutxi.

Epalzaren ustez, ordea, "ez da bakarrik sektarioki haustura gertatzeko zer erabilera ematen dioten instituzioek kulturari. Batzuetan, eraginkortasun falta hutsa da". Adibideak ere baditu: "Kultur eraikin multzo erraldoia dago Nafarroan. Hori ez da txarra, alderantziz. Baina ez dago sarerik haien artean, eta, hala, ikaragarrizko paradoxak izaten dira. Kanpotik artistak datoz herri jakin batera, eta, egun gutxietara, ondoko herrietatik deitzen diete. Ez du zentzurik".

Egoera ikusita, Nafarroan "kulturaren erradikalizazio demokratikoa" ezinbestekoa dela uste du Luis Soldevila Eskasiaren Kultura taldeko eta Katakrakeko kideak. Instituzioek kultur politikak gidatzeko orduan izandako porrota aitortzeko garaia dela uste du Soldevilak. "Atzerapauso bat eman beharko lukete, eta prozesu kultural autonomoei lekua utzi, baliabideak ematera mugatuz".

Prozesu horiek jada martxan dira Nafarroan, eta, batez ere, Iruñean. Jazar, Katakrak eta Dormitaleria 54 dira horietako batzuk. Jazar zentroko kidea da Martin Etxauri Txo. Hark dioenez, "jende askok pentsatu du, 'ez digutenez ematen, guk hartu eta sortuko dugu gure espazioa, gauzak gure modura egiteko'. Hori asko gertatzen ari da Iruñean, beste modurik ez dagoelako".

Autogestio esperientziak

Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar. Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Han bildu zen sortzaile talde bat, eta han irauten du, alokairuan. Egun, besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak. Dozenaka sortzaile biltzen dira bertan. Txoren irudiko, "espazio praktikoa" da, sortzaileei lanerako tokia eman diena. "Esan daiteke, egun, sorkuntza zentro autogestionatu bat egon badagoela". Gainera, adibide gisara erabili nahi du proiektua, "autogestioan oinarritutako egitasmoek, bere arazo eta traba guztiekin ere, funtzionatzen dutela erakusteko".

Bide bertsuan, autogestioan egin du Katakrakek ere lehen urtea. 2013ko hondarrean ireki zuten, Iruñeko Kale Nagusian, liburu denda, kafetegi eta erabilera aniztuneko espazio modura. "Birika" gisara aurkeztu zuen bere burua, eta egun ere "birika" dela uste du Soldevilak, bertako partaideak. Dioenez, egitasmoak "airea eman dio askotan kiratsa darion Iruñeari". Airea, hiru zentzutan: "Batetik, liburuekin, merkatuan ez dauden irakurketak, diskurtsoak eta eztabaidak plazaratuz. Bigarrenik, kafetegian, elikagaiak ezagutzeko bide berriak proposatuz, gertukoak, ekologikoak eta bidezko merkataritzarenak. Eta, azkenik, jarduerekin, bere lokaletan ezer egiten uzten ez duen udalaren aurrean espazioa eskainiz".

Herri ekimenetik sortutako espazio autogestionatu horiek adibide onak izanagatik, ez dira nahikoa, Epalzaren ustez. Ezta Soldevila eta Txoren ustez ere. Ez eta, azkenik, joan den larunbateko jardunaldietan parte hartu zutenentzat. Harago doa alternatiba. Zentro publiko autogestionatua nahi dute, administrazioek diruz finantzatuko dutena, baina kudeaketa herritarrengan utziko duena. Gainera, instituzioek eraikin asko hutsik dituztela diote kultur arloko kideek, eta horiek berrerabiltzea nahi dute. Egitasmoak kimera dirudi, baina "munduko gauzarik errazena litzateke", Txoren ustez, "agintariek nahiko balute". Dioenez, "Nafarroako Unibertsitateko museoarentzat, Opus Deirentzat, jarritako diru publikoaren oso zati txikia nahikoa litzateke zentro bat ireki eta argia eta berogailua jartzeko. Hor sortuko litzateke kultura".

Autogestioak, bide batez, ez du autofinantzaketa esan nahi, Soldevilaren ustez: "Balizko espazio horrek gai izan behar du administrazioari etengabe baliabideak eskatzeko, horretarako haren aurrean makurtu behar izan gabe".

Aukerak, aldaketarekin bat

Nafarroan, aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko aukera ahoz aho dabilen ideia da. Kultura arloan dabiltzanek ere ilusioa dute aukera horren inguruan. Horregatik diote Barcinaren kudeaketaren aroa —urakana esaten dioten hori— igarota aukera berriak sor daitezkeela kultura munduan. Epalzaren esanetan, aldaketak "kulturaren gaineko beste begirada bat ekarriko luke. Ez bakarrik finantzaketari dagokionez, baita kulturaren gaineko erabakiak denon artean hartzeari dagokionez ere. Publiko kontzeptuari berriz ere benetako balioa eman ahalko genioke".

Aldaketa, ordea, ez dute bakarrik gobernu alternantzia gisara ikusten. Paradigma aldaketa izan da, Epalzak dioenez, Eskasiaren Kulturaren jardunaldietan behin eta berriro errepikatutako kontzeptuetako bat. Eta paradigma aldaketa finantzabideaz eta kudeaketaz harago doa. Kulturarekiko pertzepzioarekin ere badu zerikusirik, alegia, gizarteak kulturari ematen dion garrantziarekin. Horregatik, "ikuskizunaren kulturatik beste mundu batera pasatzeak denbora asko beharko" duela uste du Epalzak, "horrek gizarte aldaketa behar duelako".

Kulturak, bide berean, "soldata irabazteko eremua baino gehiago izan behar" duela uste du Soldevilak. Kritiko mintzo da egungo krisian sektoreak izan duen geldiunearekin: "Gaur egungo suntsipen sozialaren erdian kultura esku hartzeko gai ez bada, agian kulturan lanean ari den jendea ez da ari egin beharko lukeena egiten". Hain zuzen ere, kulturak "gudu zelai" izan behar duela uste du Katakrakeko kideak, eta prozesu politikoetara lotu beharko litzatekeela. Pauso bat harago doa: "Hori ez badu lortzen, kulturak ez du interesik". Prozesu politikoetara lotzeak, gaur-gaurkoz , Nafarroan aldaketa aldarrikatzen duten mugimenduetara lotzea esan nahi du, eta horietan eragitea.

Orain artean, erakundeek trabak eta oztopoak jarri besterik ez dute egin, Epalzaren ustez. Baita "edozein kultura adierazpenen aurreko areriotasuna ere". Baina "urakanak", oraingoz, ezin izan du guztia suntsitu. Txok dioenez, "jendeak gauzak egiteko gogoa duela erakusten du" Jazarreko esperientziak. "Hemen jendeak betidanik izan du gauzak egiteko gogo handia, baina bide gutxi eta oztopo gehiegi izan ditu".

Ekaitzak ekarritako urek alde eginda, oztopo horiek gutxinaka-gutxinaka desagertzen joatea espero dute Eskasiaren Kulturako jardunaldietako partaideek. Argi dute ez dela bide erraza izango, ezta bat-bateko aldaketa ere. Baina Epalzak argi du: "Aldaketa horretarako oinarriak orain jartzen ez baditugu, sekula ez dugu egingo".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna