ONTZIGINTZA

Beste ontzi bat egingo du Navalek, Belgikako konpainia batentzat

Joan den astean lortutako kontratuekin, hiru urterako lana ziurtaturik du Sestaoko ontziolak.

Ontziolak beste kontratu bat lortu berri du.
Ontziolak beste kontratu bat lortu berri du. Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Iker Aranburu -

2015eko urtarrilak 16

Urtea ezin hobeto hasi du Sestaoko ontziolak. Herbehereetako enpresa batentzat bi draga ontzi egiteko kontratuak lortu eta hamar egunera beste bat sinatu du, Belgikako DEME konpainiarentzat. Living Stone itsasontzia offshore energiaren merkatuan lan egingo du. Bere zeregin nagusia izango da itsas hondoan kableak eta horiek babestu behar dituzten harkaitzak jartzea. 

2017. urterako bukatu behar du itsasontzia. Navalek "ontzi ekologikotzat" jo du Living Stone, fueolioa ez ezik, LNG gas natural likidotua baliatuko baitu energia iturri gisa. Halaber baliatuko ditu olio biodegradagarriak, eta sortutako beroa berreskuratzeko teknologiak. 

Gaur lortutako kontratuarekin dagoeneko lau dira Navalek esku artean dituen ontziak. Iazko udaberritik Herbehereetako Teso enpresarentzat Texelstroom ferrya ari da eraikitzen. 

Navalek gutxienez hiru urterako lana ziurtatuta dauka. Urte zailak bizi izan ditu azkenaldian Sestaoko ontziolak.  Azken lau urteotan bederatzi erregulazio espedientea jasan ondoren, zuzendaritzak jakinarazi zien 2015aren hasieran ez zela halako neurririk beharko. Azken erregulazioa uztailaren 1ean hasi eta abenduaren 31n bukatu zen, eta ontziolak dituen 235 langileetatik 130i eragin zien.

Europako Batasunak ontziak egitea finantzatzeko baliatzen zen tax lease sistema zaharraren baliogabetzeak kezka handia eragin zuen 2013an Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzioletan. Susmorik txarrenak, ordea, ez dira bete, eta EBk baimendutako sistema berriarekin lana heldu zaie. Zumaiako Balenciaga petrolio plataformak hornitzeko itsasontziak ari da egiten Eskoziako enpresa batentzat. Murueta, berriz, atunontziak egiten ari da Bretainiako armadore batentzat, Erandion eta Muruetan (Bizkaia). Zamakonak ere arrantzontziak eta plataformetarako ontziak ditu karteran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna