GREZIA

Varufakis izango da finantza ministro, hamar ministerioz osatutako gobernuan

Aurreko gobernuak baino zortzi ministerio gutxiago izango ditu Alexis Tsiprasek izendatutakoak. Anel alderdiko buru Panos Kammenos Defentsa ministro izango da Greziako Gobernuan. Ez da emakume ministrorik izango.

Antonis Samaras egungo lehen ministroa, bozkalekuan.

Jon O. Urain -

2015eko urtarrilak 27

Igandean Syriza Ezker Erradikaleko Koalizioak hauteskundeak irabazi eta astelehenean Alexis Tsiprasek lehen ministro karguaren zina egin ondoren, Greziako Gobernu berriaren osaketari buruzko xehetasunak jakinarazi dituzte. Ekonomia Ministeriora begira daude begi gehienak, eta Gianis Varufakis ekonomialari eta irakasleak baieztatu du bera izango dela sail horretako ministro.

Hamar ministerio izango ditu gobernuak, eta bertan lekua izango du Anelek, Syrizak gobernua osatzeko babesa eman dion alderdiak. Panos Kammenos alderdiko buruzagia defentsa ministro izango da. ND Demokrazia Berria alderdiarekin ministro izandakoa da Kammenos.

Gianis Dragasakis ekonomialari eta diputatua izango da gobernuko beste protagonistetako bat. Hark hartuko du presidenteordetza ekonomikoaren ardura, eta hark negoziatuko du Europako Batzordearekin, Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin.

Horrez gain, Panagiotis Lafazanis Syriza barneko Ezkerreko Plataformako kidea Ingurumen ministro izango da, eta Iorgos Stathakis Sustapen ministro. Salonikako programa delakoaren egilea da Stathakis: Greziaren krisi humanitarioari aurre egin nahi dion 12.000 milioi euroko proiektua.

Ministerio bakarrean izango dira kultura, hezkuntza eta erlijio gaiak, eta Aristides Baltas izango da alor horietako ministro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna