Albistea entzun

Kultura

"Ostiak banatzeko sortu gara"

'H28' euskarazko hilabetekari satirikoa sareratu dute Euskal Herriko hamaika marrazkilarik. Irudigileen hitzetan, egurra ezker-eskuin ematea da asmoa.

Patxi Uharte Zaldieroa-ren marrazkia

Iñigo Astiz -

2015eko urtarrilak 28

«Eskaintzen dugu gaitzeko lana, ziur aski etsaigoa irabazteko, arrisku legal eta penalak dituena, dirurik hunkitu gabekoa; nola errefusatu halako eskaintza?». Suizidio proposamena dirudite Asisko Urmeneta marrazkilariaren hitzek; baina, halere, berehala jaso dute erantzuna. Marrazkilari lagunen artean hilabetekari satiriko bat egiteko gonbita egin, berehala baiezkoak jaso, eta abian jarri dute jadanik H28 aldizkaria. Sarean argitaratuko dute, eta lehena jarri dute, doan. Hilero argitaratu nahi dute zenbaki bat; hilak 28 dituenean, hain zuzen. Patxi Huarte Zaldieroa, Marc Armspach Marko, Adur Larrea Adur, Unai Iturriaga, Irene Borda, Joseba Larratxe Josevisky, Patxi Gallego eta Ainara Aspiazu Axpi dira parte hartu duten sortzaileetariko batzuk. Esaldi bakarrean eman du Urmenetak aldizkariaren asmo orokorra: «Ezker-eskuin ostiak banatzeko sortu gara; ez lagunak egiteko».

Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoak piztu zuen lehen izpia. Adierazpen askatasunari buruz hitz egiteko bildu zituen orain bi aste BERRIA egunkariak Urmeneta, Patxi Huarte Zaldieroa eta Marc Armspach Marko, eta elkarrizketa hartan sortu zen ideia. Urmenetak hauxe bota zuen ordukoan: «Edozein herrialde normalizatuk badu bere aldizkari satirikoa, oso ariketa beharrezkoa baita irri egitea. (...) Euskarazkorik ez da. Gure misioa arratsalde honetan da proposatzea egitea agerkari satiriko bat Interneten». Eta Urmenetak azaldu du oraingoan ere. «Planetak lerratu egin dira nolabait. BERRIAK bildu gintuenerako ez nuen deus buruan, baina Markorekin hitz egiten hasi, eta sentitu genuen bazegoela gogoa zerbait sortzeko. Parada egunkariak eman zigun». Bideoa: H28 hilabetekari satirikoaren jaiotza, mahai inguruan (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

Katarsi moduko bat

Parisen izandako eraso haiek eta erasoen osteko politikarien manifestazioko argazkiek sortutako ezinegona du gogoan Urmenetak. «Parisko kaleetan ageri ziren agintariak, eta jendea penaturik erakusten zuten irudiak ez zetozen bat aldizkari satirikoaren izaerarekin». Eta ezinegon horri erantzuteko katarsi moduko bat izan da aldizkaria, dioenez. «Denok genuen frustrazio puntu bat, shocka ere bai, eta horrek abiatu du proiektua. Orain dugu momentua, eta egin egin dugu. Gogo abstraktua bazegoen; Parisen gertatutakoak puntua ezarri du, nik uste».

Ezker-eskuin doaz aldizkariko eztenak. Patriarkatuari barre egiten dioten historiaaurreko emakumezko margolari sorta bat irudikatu du Zaldieroak, Euskal Herria berriz ere musulman bilakatzeko hitzarmen proposamena egin du Urmenetak, Javier Maroto Gasteizko alkatearen fantasiak irudikatu ditu Unai Iturriagak, Sautrela telebista programaren parodia bat egin du Patxi Gallegok, eta euskal presoak Euskal Herriratzeko manifestazioak izandako ingelesezko leloaren aipamena dakar editorialak. Horiek, besteak beste. Ukaezina da, ordea, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoen itzala lehen alean. Hortik dator Josevisky marrazkilariaren ilustrazioko galdera: «Ahalguztidunak paperaren beldur?». Eta baita Dani Fanoren zinta ere. Marrazkilari bila errebolberdunak, epaileak eta astakilo itxurako gizon bat, eta irudigileen erantzun estua: «Marrazkilariak?... Ze marrazkilari? Hau tango eskola da!».

Hitz klabe bat aipatu du Urmenetak proiektuaren erdigunean. «Gogoak eman digulako hasi gara, gogoak ematen diguna ari gara egiten, eta gogoak hala aginduta. Hori da zentroa, nire ustez». Eta aurrerantzean ere horri eustea da aldizkariaren sortzaileen asmoa. Hala azaldu du Urmenetak. Aldizkariaren lehen zenbakian ageri ez diren marrazkilarien artean ere alde igarri du haizea. «Proposamena sortu denetik izan dugu zenbait marrazkilari ezagun eta hainbat marrazkilari ezezagunekin kontaktua, eta, beraz, ikusiko dugu hilabetez hilabete nola joango den osatzen. Bada zer erranik eta nork, eta hori izugarri pozgarria da».

H28 argitalpen irekia dela nabarmendu du marrazkilariak, eta baita independentea dela ere. Lehen alean parte hartzen duten marrazkilari guztien artean erabaki dute, esaterako, lehen azala, eta aurrerantzean ere hala jokatuko dute. Azalerako hautatu ez diren proposamen guztiek badute lekua, halere, kontrazalean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.