GREZIA

Tsiprasek "denbora" eskatu dio Schulzi, Greziak "erreforma oso sakonak" egin ditzan

Greziako lehen ministroa Europako Parlamentuko presidentearekin batzartu da. Schulz poztik agertu da, Tsipras "hitz egiteko prest" ikusi duelako.

Martin Schulz eta Alexis Tsipras.
Martin Schulz eta Alexis Tsipras. Orestis Panagiotou / EFE

Berria -

2015eko urtarrilak 29

"Prest gaude erreforma oso sakonak egiteko, austeritaterik gabe baina ezta defizitarekin ere", adierazi du Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak. Edonola ere, zehaztu du "denbora" behar dutela horretarako.

Tsipras lehen ministro denetik Europako Batasuneko erakunderen bateko ordezkariekin egin duen lehen bilera izan da gaurkoa; Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea izan du mintzakide, eta Tsiprasek esan du bilerak balio izan duela Greziaren eta Europako Batasuneko erakundeen artean "konfiantza harreman berri bat" sortzeko.

Schulzek, berriz, esan du "argi eta garbi" hitz egin diotela elkarri eta bat etorri direla hainbat gairen inguruan, baina desadostasunak ere izan dituztela. Gehiago eztabaidatu beharreko gaiak ere jorratu dituztela azaldu du. "Ikusi dut hitz egiteko prest zaudela", esan du Schulzek: "Greziak aldebakarreko neurriak hartzeko beldurra dago Europan. Hori ez da zuzena".

Halaber, pozik agertu da Schulz Greziako Gobernuaren lehentasunetako bat zerga ihesari aurre egitea delako: "Pobreziaren aurkako borroka zerga ihesaren aurkako borrokarekin lotuta dago". Nabarmendu du "gutxitan" eztabaidatzen direla gaiak "hain sakon", eta aitortu du "normalean", adostasunik ez dagoenean, batzartutakoek "eztabaida eraikitzailea" izan duela esan ohi dela: "Oraingoan benetan diot".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna