Inauteriak

Koloreek hartu dute Tolosa

"Zer nahi duzue txindaten hotsa ala txupinazoarena?". Plaza zaharreko jendetzak "txupinazoa" erantzun dio Kabi Alai kongregazioko buruari, eta hala abiatu dituzte Tolosako inauteriak gaur eguerdian. Joakin Izagirre "inauteriazale peto-petoak" bota du suziria.

Araitz Muguruza.
2015eko otsailaren 12a
14:56
Entzun

Kabi Alai kongregazioak alkatetzaren aginte makila hartu berritan jakinarazi du berezia izango zela aurtengo txupinazoa. Joakin Izagirre urteetan kide izan duten tolosarrak bota behar baitzuen txupinazoa. Pozarren eta hunkituta zegoen Izagirre, eta hala eman dio hasiera festari, Plaza Zaharrean bildutako jendetzaren aginduari men eginez. Izan ere, hondakinak biltzeko sistema mistoa jarri zuten iaz Tolosan, eta pregoia irakurtzerakoan hori izan dute gogoan. Suziriaren hondakinak behar bezala bilduko dituztela adierazi du publikoak aho batez, eta, horregatik, txupinazoa ez dute txindatekin ordezkatu.

Ostegun gizena da gaur, inauteriei ekiteko eguna Tolosan. Festa giroa nagusitu da Gipuzkoako herri horretan, eta txarangek hartu dute egunerokotasunaren soinuaren lekukoa. Haur, gazte eta helduak denak dabiltza alde zaharrean gora eta behera, txarangaren erritmoan batzuk eta tabernetako giroan beste batzuk —txistor bana eman diete bertaratzen ziren orori—. Gaur hasi eta asteartera bitarte eromena eta imaginazioa izango dira kaleetan.

Kalean giroa jartzeko agindua izaten dute txarangek. Makina bat talde daude Tolosan, baina, aurten, bi omendu dituzte: Kabila eta Vista Alegre; 75 urte bete ditu lehenak, eta 25 bigarrenak.

Egitaraua

Gaur, 11:30ean entzun dira aurreneko musika doinuak, Udal Txistulari Bandak Inauterietako zortzikoa joz kalejira egin duelako herriko kaleetan. Eta, handik pixka batera, egun handiko beste momentu garrantzitsu bat heldu da: Izagirrek festari hasiera eman dio. Kabi Alai elkarteak aukeratu du une garrantzitsu horretako protagonista izan dadin, karrozak prestatzen eta inauterietako eginkizunetan izandako parte hartzeagatik. Suziriaren ostean, Kabi-Alai txaranga atera da, eta dantzarako aitzakia eman die bertaratutako guztiei. Koloreek hartu dituzte kale bazterrak.

Arratsalde partean, La Jodedera taldeak joko du txosnetan, gerri bueltak dantzan jartzeko. Eta ez da kontzertu bakarra izango; gauean, Ingo al Deu eta Little Martin Selektah igoko dira oholtzara. Nahi adina estilo entzungo dira, beraz.

Haatik, musikaren bidetik baino gehiago bestelako ekitaldietatik jotzen dutenek ere badute tokia Tolosan. 19:30ean zezensuzkoak korrika egingo du, Emakumeen plazatik aterata. Korrika egin baino danbor hotsa aditu nahiago dutenek, berriz, Aurrera kirol elkartearen danborradan dute aukera. Hala, jai giroa nagusi, parranda eta irudimena izango dira zutabeak. Ostegun gizena ostiral mehearekin uztartuko dute gautxoriek, eta are gehiago luzatzeko aukera ere eskura izango dute; izan ere, piñata igandera arte etengabekoa izango da inauteria. Etengabea izango da jendetza.

Inauteriak, zuzenean

Inauteriak Internet bidez zuzenean ari dira emititzen aurten: batetik, Tolosaldeko Ataria-k egunero egunkaria aterako du, eta igandetik asteartera zuzeneko irratsaioak ekoitziko ditu. Gainera, 28 Kanalarekin batera, telebista saioak ere emango ditu, zuzenean horiek ere. Lehenengoa, gaur bertan: txupinazoa emititu du. Etxean geratzen denak kalean balego bezala izan dezake festa egunen berri.

Bestetik, udalak gune bat ahalbidetu du: bertan, argazkiak, informazioa, egitaraua eta zuzeneko bideoak aurki daitezke, besteak beste. Eta ez hori bakarrik: bai Tolosaldeko Ataria-n, bai udalak irekitako gunean, herritarrek haien aletxoak jar ditzakete, #tolosakoinauteriak traola erabilita, nahi dutena bidaliz. Helburua: «Inauterien imajina denen artean egitea». Argi dauka Ezenarrok sarean ere ikusarazi behar dela jaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.