ESPAINIAREN EGOERARI BURUZKO EZTABAIDA

Rajoyk nabarmendu du Espainiak ez duela eskatu erreskaterik

Egoera ekonomikoa hobetu dela esanez ekin dio Mariano Rajoyk Espainiaren egoerari buruzko eztabaidari.

Mariano Rajoi, gaur, Espainiako Kongresuan. ZIPI, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko otsailaren 24a
08:00
Entzun

Harro esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Espainiak ez diola eskatu Europari erreskate planik, eta hiru urteren buruan bere gobernuak egoera ekonomiko txarrari buelta ematea lortu duela. Hala ere, onartu du lanpostuak sortu eta egonkortzen lan asko dagoela egiteko.

PPren gobernuaren lanari esker, "eta langabeak, pentsionistak eta Gizarte Segurantza ukitu gabe", Espainiak krisitik ateratzea lortu duela adierazi du Rajoyk. Bere agintaldiko apusturik erabakiorrena erreskatea ez eskatzea izan dela esan du.

Eguerdian hasi da Kongresuan Espainiaren egoerari buruzko eztabaida, eta hiru egunez jarraituko du. 

Hainbat neurri berri

Lanpostuak sortzeko eta familiei laguntzeko hainbat neurri iragarri ditu Rajoyk. Haren hitzetan, "hainbeste sakrifizio egin duten herritarrei" mesedea "itzultzeko" garaia da. 

Kontratazio berriak sortzeko neurri gisa, besteak beste, soldataren lehen 500 euroak kotizaziotik salbuestea proposatu du Rajoyren gobernuak. Langile autonomoei laguntzeko neurriak ere jarri nahi dituela aurreratu du.

Bestalde, familiei laguntzeko asmoz, bi haur dituzten guraso bakarreko familiei ere familia txekea delakoa ematea proposatu du Rajoyk. Eta zorrak ordaindu ezinik dabiltzanentzat, berriz, zor horiek ordaintzen laguntzeko lege dekretua egin asmo duela adierazi du.

"Espainiaren batasuna"

Kataluniari buruz esan du elkarrizketarako jarrera irekia duela, baina ez duela onartuko "Espainiaren batasuna eta espainiarren subiranotasuna" ezbaian jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.