Labar artea

Goi paleolitoko grabatu batzuk aurkitu dituzte Zestoako Erlaitz leizean

Gutxienez, zortzi animalia irudi topatu dituzte Antxieta elkarteko kideek, duela 22.000 eta 15.000 urte bitartean egindakoak. Danbolinzuloko labar pinturak baino berriagoak dira, eta Ekaingoak baino zaharragoak.

Uro baten irudia. Ikertzaileek zuriz markatu dituzte grabatuen argazkiak, irudia hobeto ikuste aldera./
Uro baten irudia. Ikertzaileek zuriz markatu dituzte grabatuen argazkiak, irudia hobeto ikuste aldera./ Antxieta elkartea

Ainhoa Sarasola -

2015eko otsailak 25

Gutxienez, zortzi animalia irudi aurkitu dituzte Antxieta elkarteko kideek, kobazuloaren goiko aldeko sabai batean. Zaldiak, orein emeak eta uroak ageri dira grabatuetan. Hala ere, beste hainbaten zantzuak ere ikusi dituztela azaldu du Alvaro Arrizabalagak, aurkikuntza egin duen Antxieta Jakintza Taldeko kideak. Pinturak baino zailagoa izaten da grabatuak ikustea, eta horregatik topatu izan dira gutxiago orain arte, baina bi teknikak baliatu zituzten garai hartako leizeetako biztanleek.

Aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako Kultura diputatu Ikerne Badiolak. Orain arte Ekaingo margolanak soilik ezagutzen ziren inguru horretan, baina berriki Danbolinzulokoak eta orain Erlaitz leizeko grabatuak gehituta, kultur paisaia berria osatzen ari dela adierazi du. “Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula”. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna