Finantzak

Kutxabankek 150 milioi irabazi zituen iaz, %38 gehiago

Billalabeitiak azaldu zuenez, ez zuten 'Cabieces auzia' salatzeko asmorik, baina Espainiako Bankuak behartu egin zituen fiskaltzara jotzea.

Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea, gaur goizeko agerraldian. ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2015eko otsailaren 26a
07:47
Entzun

Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidenteak lehen agerraldi publikoa du joan den azaroan Mario Fernandez ordezkatu zuenetik. Azaldu duenez, iaz 150,3 milioi irabazi zituen BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak, 2013an irabazitakoak (108 milioi) baino %38,8 gehiago. 2012an behea jo zuten Kutxabanken emaitzek, eta orduz gero bikoiztu egin dira.

Jaitsieraren arrazoietako bat izan zen bankuak dirutza erreserbatu behar izan duela zalantzazko aktiboen estaldura hobetzeko. Iaz beste 407 milioi bideratu zituen horretara, aurreko urtean baino 23 milioi gutxiago (-%5,4). Guztira, 2.200 milioitik gora bideratu ditu azken lau urteotan kaudimena handitzera, eta horiei esker kapital erreserba handia pilatu du. Zehazki, %12,7ko core tier 1 kapitala du, bere lehiakide gehienena baino handiagoa. "Ongi baliatutako dirua da hori, ez zaigu ezer sobratuko", esan du.

Billalabeitiak aipatu du bankuen gainbegiratze maila zorrozten ari dela eta horien eskaerak betetzeko baliabide asko bideratu behar izan dituztela. Joan den azaroaren 1az geroztik Europako Banku Zentralaren begiradapean dago Kutxabank, euroguneko banku nagusiekin batera. Arau berrietara egokitzeko kostuak, IRPH indizea zuten klausulak Euriborra dutenengatik aldatzeak eta zoru klausulak ezabatu behar izateak 110 milioi euroko kostua ekarri diote Kutxabanki. Aurten gastu horrek jarraitu egingo duela onartu du presidenteak.

Banku negozio arruntean behera egin duenez, ezohiko diru sarreren bidez eskuratu ditu irabazien zati handi bat. "Beste emaitzak" izeneko atalean 75,5 milioi euroren diru sarrerak izan ditu Kutxabankek, aurreko urtean baino ia %80 gehiago. Hainbat enpresatan dituen parte hartzeak edo kobratzeko zailak iruditzen zitzaizkion mailegu pertsonalak saltzen aritu da azkenaldian kutxen bankua. Abenduan, Kutxabankek bere balantzeko higiezin aktiboen erdiak saldu zizkion AEBetako inbertsio funts bati.

"Meritu handiko" emaitza izan dela nabarmendu du Billalabeitiak, interes tasa maila oso apaletan egonda, bankuaren negozio arrunta (dirua uztea berak ordaindu behar duena baino interes handiagoan) oso marjin txikiak ematen dituelako. Horrela, Kutxabanken interesek eman duten irabazi marjina 620,6 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %13,3 txikiagoa.

Komisioen bidez bildutakoa, berriz, %7,5 handitu du bankuak, 345 milioira arte. "Ez da izan komisioak handiagoak direlako, baizik eta operazioen kopurua handitu egin delako, batez ere inbertsio funtsena", azaldu du Billalabeitiak.

Ekonomia suspertzen ari dela nabarmendu du Kutxabankeko buruak, eta horrekin lotuta itzultzen ari dela "mailegu eskaera kaudimentsua". Eskari hori bereganatzeko "lehia basatia" dago. Esaldi bakar batean definitu du egoera: "Egoera normaltasunera itzuli da". Etxebizitzak erosteko hipoteka berriak, esaterako, %30 handitu dira. Handiagoak dira, ordeak, bezeroek kitatutako zorrak, eta horren ondorioz Kutxabankek maileguan emanda duen diru kopuru osoa %5,2 gutxitu da.

"Kaudimena ez da nahikoa"

Emaitzekin batera, Billalabeitiak etorkizuneko erronkak zeintzuk diren azaldu du. Azkenaldiko helburua izan da kapitala sendotzea, EBZren estres azterketak aise gainditzeko, baina baita Kutxabanken parte bat erosteko interesa izan zezaketenentzat erakargarria izateko. Akzioen zati bat saltzeko aukera urrun ikusten du Billalabeitiak. "Erakunde honek ez du merezi kapitala behar baino lehenago saldu behar izatea. Banku bat saltzeko unerik txarrena da", esan du. Espero du Espainiako Bankuak ontzat hartuko dituela hiru kutxek egin dituzten alegazioak, eta hiruak koordinaturik ez daudela ebatziko duela. Hala balitz, BBK-k baizik ez luke erreserba funts bat osatu beharko bere partaidetza %50etik gora mantendu nahi izatekotan (akzioen %57 ditu).    

Gidaritza berriak bigarren maila batean utzi du garai bateko beste asmo bat, bankuaren tamaina handitzea. Ongi lehiatzeko 150.000 milioi euroren aktiboak beharko zituela esan ohi zuen Mario Fernandezek. Orain, CajaSur erosita ere, 70.000 milioitik behera ere jaitsi da Kutxabank. Ez da arazoa. "Neurriak ez du axola, errentagarritasunak baizik", esan du Billalabeitiak eta azaldu du ez dutela ez Espainian ez beste inon merkatu kuota handitzeko operazioetan parte hartuko.

Orain, zuzendaritza berriak errentagarritasunari begiratu nahi dio gehiago, irabaziak handitzeari. "Kaudimena ez da nahikoa. Gure negozioaren etorkizunaren jasangarritasunari begiratu behar diogu", esan du Kutxabankeko presidenteak. "Aktiboek ematen duten itzulera, funts propioen errentagarritasuna eta eraginkortasuna, hiru horiek hobetu behar ditugu".

Etorkizuneko erronken artean dago aseguruen negozioa handitzea. Bere lehiakide gehienak bezala, bezeroak aseguruen bidez lotzen saiatzen ari da Kutxabank.

Beste enpresetan dituen parte hartzeak oso handiak direla azaldu du Billalabeitiak, eta ez duela kopurua handituko. Zehazki, 3.300 milioi euroren inbertsioa du 170 enpresetan (Iberdrola, Euskaltel, CAF...), eta horretatik %70 baliabide propioekin.  Parte hartze industrial horiek Kutxabanken esku daude orain, baina Billalabeitiak ez du baztertu aurrerago hiru banku fundazioak beste enpresetako akziodunak izatea. Horrek aukera emango lieke beren diru sarrerak dibertsifikatzeko eta ez egotea Kutxabankek ematen dien dibidenduaren menpe soilik. "Gizarte ekintzaren kontzeptuaz gogoeta egin behar da", esan du.

Egitura eta soldata

Mario Fernandezen ordezkapenaren ondoren, barne egituran aldaketa batzuk egingo dituela baieztatu du Billalabeitiak. Kontseilari ordezkari bat izendatuko dute aurten. Dimisio edo kargugabetzeen berririk ez du eman.

Kazetariei erantzunez, Billalabeitiak bere soldataren gaia ere aipatu behar izan du. Justifikatu egin du urtean 800.000 euro jasotzea, bere aurrekoaren 460.000 euroen aldean. Azaldu du bere aurreko lanean gehiago irabazten zuela. "Uda aurretik kargua eskaini zidaten eta ados jarri ginen soldatari buruz", esan du.  Gaur bertan soldata hori gehiegizkoa dela esan du Confebaskeko presidenteak, Miguel Angel Lujuak. Kritika horiei jaramonik ez egitea erabaki du. "Gaiak ez nau kezkatzen. Ez dut uste ahultzen nauenik (...) Soldata horren halako zazpi, zortzi edo hamar diren soldatak ikusten dira hortik".

'Cabieces auzia'

Azken asteotan Kutxabanken ospea zikindu duen auziari ere erreparatu behar izan dio Billalabeitiak. Justifikatu egin du Mario Fernandezen aurka irekitako auzian ez parte hartzea. Azaldu duenez, ez zuten Fernandez salatzeko inolako asmorik. "Espainiako Bankuak esan zigun operazioaren berri eman behar geniola Fiskaltzari. Ezer gehiago ez. Guk ez genuen ezer salatu. Egindako kaltea dagoeneko konponduta zegoen. Guri auzitik urruntzea komeni zaigu, ez digulako inolako onik egiten".

Atzo, Kutxabankeko administrazio kontseiluak erabaki zuen Fernandezen aurka irekitako auzibidean ez parte hartzea, Fernandezen garaian Mikel Cabiecesi ustez egindako ordainketa irregularra dagoeneko berreskuratu duelako bankuak.  Fernandezek berak itzuli zituen Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari ordaindutako 243.000 euroak. Europako Banku Zentralak aginduta, bankuaren kontuen auditoria bat ari dira egiten. Erdia dagoeneko amaituta dutela, ez dute beste ordainketa irregularrik aurkitu. 

Bankuaren irudiari egindako kaltea gutxietsi du Billalabeitiak: "Gure eginbeharra bete dugu ordainketaren berri ematean, baina auzian aurkeztea ez da betebehar bat. Gure betebeharra bete izanak Kutxabanken irudia hobetzen du, ez du okertzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.