Lokarriren azken eskaerak

2015eko martxoaren 7a
22:23
Entzun

"Bost urte barru —2020an— euskal gizartearen bizikidetza nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen kontatzen duen ametsa konpartituz bukatu nahi dugu gure ibilbidea", esan du Lokarrik, bere agurrean. Haren "ametseko" hitzak dira ondorengoak.

Biktimen aitortza.

Indarkeriaren biktima guztiek —bai ETAk zein talde parapolizialek eta segurtasun indarrek sortutakoek—, aitortza eta ordaina jaso dute. Haien oroitzapena inoiz errepika ezin daitekeen eredu bezala mantentzen da.

ETAren armagabetzea. 

ETAk bere eskuetan duen armamentu guztia erabilera operatibotik kanpo utzi du, eta gizarteak eta nazioarteko komunitateak berme guztiekin egiaztatu eta berretsi dute.

ETAren barkamena.

ETAk egindako min injustua aitortu du, eta biktimei eta haien familiei barkamena eskatu die. Estatuaren inplikazioa bere urraketez. [Espainiako] Estatuak ikerketa sakon bat abiarazi du giza eskubideen urraketetan bere inplikazioaren egia argitzeko; tortura kasuen egia barne.

Salbuespeneko legerik ez.

Salbuespenezko legeak indargabetu dira, presoak euren sorlekura hurbildu dituzte, eta alderdi eta instituzio nagusien artean presoak gizarteratzeko programa bat adostu dute.

Bizikidetza, memoria, bakearen kultura...

- Alderdi politikoek bizikidetza, memoria eta berradiskidetzea bultzatzeko gutxieneko oinarrien inguruan akordio bat erdietsi dute.
- Hezkuntza zentroek, komunikabideek eta gizarteak oro har, bakearen kultura sustatzeko programetan parte hartzen dute.
- Instituzio nagusiek pertsona guztien giza eskubide guztiak bermatzeko neurriak diseinatu eta abian jarri dituzte.
- Hiri, herri eta auzoetako biztanleek atzean utzi dituzte liskarrak, eta elkarren artean errespetuz, modu barneratzailean eta ezberdina denarekiko kuriositatez aritzen dira.

Horretarako eragileen inplikazioa behar da.

- Alderdi politikoak foro parlamentario batean biltzen hasi behar dira, gutxieneko oinarriak jorratu eta adosteko.
- Espainiako Gobernuak eta estatuko botere guztien kolaborazioa behar da bake prozesuan eta bizikidetza errotzeko.
- ETAk bere armamentu guztia erabilera operatibotik kanpo utzi behar du, azkar, eta gizarteak eta nazioarteko komunitateak berretsi eta egiaztatzeko moduan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.