Ustezko ustelkeria

Epaileak 26 lagun inputatu ditu 'De Miguel auzian'

Araban izan diren ustezko ustelkeria kasuetan EAJko zenbait kardugun ohi inputatu ditu. Orotara, 11 delitu leporatzen dizkie: besteak beste, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea.

Alfredo de Miguel Arabako Buru Batzarreko kide ohia./
Alfredo de Miguel Arabako Buru Batzarreko kide ohia./ David Aguilar/EFE

Edurne Begiristain -

2015eko martxoak 10

Roberto Ramos Gasteizko Instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak bukatu du De Miguel auziari dagokion ikerketa, eta, gaur goizean kaleratutako autoan jasotzen duenez, 26 pertsona inputatu ditu, tartean, Arabako EAJko hainbat goi kargudun ohi. Orotara, 11 delitu leporatzen dizkie: besteak beste, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea.

183 orrikoa da autoa, eta Alfredo de Miguel Arabako Buru Batzarreko kide ohia eta foru diputatu ohia ez ezik, honako hauek ere inputatu ditu epaileak, besteak beste: Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Robles, Juan Jose Ibarretxeren gobernuko kide ohiak; Julian Sanchez Algeria eta Alfonso Arriola EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak eta Iñaki San Juan Leioako EAJko zinegotzi ohia.

Inputatuen zerrenda emateaz gain, epaileak jakinarazi du artxibatu egiten duela Asier Arzalluzen eta Pablo Jesu Larrabideren aurkako auzia.

Auzi luzea

Eusko Legebiltzarrak ere ikertu zuen De Miguel auzia: Legebiltzarreko ikerketa batzordea hemezortzi hilabetez aritu zen lanean, eta guztira 60 bat lagunen lekukotasunak jaso zituen. Auziaren lau adar ikertu zituen: Araban izandako ustezko kontratu irregularrak (Kultura Sailean eta Miñaoko parkean), lurzoru kalifikazioak eta PSE-EEko eta PPko hainbat karguduni ustez egindako espioitza kasuak.

EAJko zenbait kardugun ohiri erantzukizun politikoa izatea leporatu zien Eusko Legebiltzarrak. EAJk ez gainerako legebiltzar taldeek bat egin zuten De Miguel auzia ikertu duen lantaldearen ebazpenarekin.

Duela bost urte, De Miguel atxilotu egin zuen Ertzaintzak. EAJko politikariaz gain, beste zazpi lagun atzeman zituen; denak libre geratu ziren gauean. Biharamunean eman zuen dimisioa diputatu jeltzaleak. 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna