Arkitektura

Frei Ottok irabazi du Pritzker saria, hil eta hurrengo egunean

Herenegun hil zen arkitekto alemaniarra, eta erabakia urte hasieran hartu bazuen ere, atzo jakinarazi zuen epaimahaiak. Arkitekturaren Nobel saritzat jotzen da Pritzkerra.

Frei Otto (1925-2015) arkitekto alemaniarra./
Frei Otto (1925-2015) arkitekto alemaniarra./ FRANK MAECHLER/EFE

Berria -

2015eko martxoak 11

Frei Otto alemaniarrarentzat izan da 2015eko Pritzker saria, arkitekturaren arloan ibilbide bat aitortzen duen sari garrantzitsuena. Urte hasieran hartu zuen erabakia epaimahaiak, eta ordezkaritza batek jakinarazi zion albistea irabazleari. Ordea, publiko egin baino egun bat lehenago zendu zen arkitekto alemaniarra, herenegun. Haren heriotzagatik samina azaldu, eta Ottoren sentiberatasuna nabarmendu du epaimahaiak, ohar baten bidez.

90 urteak betetzear zen Otto, eta Warmbronnen (Alemania) zuen estudiora bisita egin zioten epaimahaikideek, saritua izan zela jakinarazteko. Saria eskertu, eta hala esan omen zien arkitektoak: "Geratzen zaidan denbora orain arte egin dudana egiteko baliatuko dut, gizateriari laguntzeko. Gizon zoriontsua nauzue". bere garaiari aurreratu zitzaiolako eta egitura arin zein moldagarrien arloan aitzindari izan zelako saritu du epaimahaiak. "Haren ibilbidea eredugarria da arkitektoen beste belaunaldientzat, eta haren eraginak hor jarraituko du".

Haren lanik esanguratsuenen artean daude Municheko Olinpiar Estadioko sabaia (1972), Montrealgo Erakusketa Unibertsalerako Alemaniaren pabilioia (1967), San Lucas eliza Bremenen (1963), eta Hannoverren egindako Expo 2000ko pabilioi japoniarra, besteak beste.

"Oso tristea da heriotzaren albistea. Sariaren historian halako aurrekaririk ez dago. Pozten gaitu epaimahaiak [Otto] bizirik zela saritu izanagatik", adierazi du Tom Pritzkerrek, sariaren babesle den Hyatt fundazioko presidenteak. 

Haren aurretik, beste hainbat arkitekto entzutetsuk jaso dute Pritzker saria, tartean, Rafael Moneo nafarrak (1996). Sarituak izan dira ere Frank Gehry estatubatuarra (1989), Oscar Niemeyer brasildarra (1988), Norman Foster ingelesa (1999) eta Shigeru Ban japoniarra (2014), besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna