Hegazkin istripua Okzitanian

"Asteak edo hilabeteak" beharko dituzte adituek ondorioetara heltzeko

Toki malkartsuan amildu zen atzo, Okzitaniako Alpeetan, Bartzelonatik Dusseldorfera 150 bidaiari zeramatzan hegazkina. Luze joko dute gorpuak bilatzeko lanek. Tartean euskal herritar bat zegoen.

Frantziako Jendarmeriako kideak, istripu tokira iristen./
Frantziako Jendarmeriako kideak, istripu tokira iristen./ SEBASTIEN NOGIER/EFE

Samara Velte -

2015eko martxoak 25

Goizean ekin diete Okzitaniako Alpeetan atzo bertan amildu zen hegazkinaren arrastoak bilatzeari. Toki malkartsua da, eta luze joko dute gorpuak bilatzeko lanek. Ikerketa iturriek adierazi dutenez, lehetasuna, istripuaren zergatiak argitzeari emango diote.

Atzo, kaxa beltzetako bat berreskuratu zuten. Bertatik "audio artxibo erabilgarri" bat ateratzea lortu dute adituek, Remi Jouty ezbeharra ikertzen ari den BEA erakundeko zuzendariak jakinarazi duenez. Hala ere, ohartarazi du "goizegi" dela ondoriorik ateratzeko, eta horretarako "asteak edo hilabeteak" beharko dituztela gehitu du.

Gainera, Francois Hollande Frantziako presidenteak jakinarazi du bigarren kaxa beltzaren karkasa topatu dutela. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eginiko agerraldi batean, Hollandek agindu du ezbeharraren nondik norakoen inguruko informazio guztia plazaratuko dutela.

Alpeetan eten zen bidaia

Hutsune lazgarri bat ageri zen atzo eguerdian Dusseldorfeko aireportuko (Alemania) heldueren pantailan. Bartzelonatik goizeko hamarretan ateratako Germanwings 4U9525 hegaldia 11:55ean zen ailegatzekoa, baina ez zen sekula iritsi. Aurki heldu ziren lehenbiziko abisuak hedabideetatik: hegazkin bat erori zela Frantziako Alpeetan, Digne-les-Bains eta Barcelonette herrien artean (Okzitania). Hamaikak aldera galdu zioten arrastoa radarrek. 150 pertsona zeramatzan, 144 bidaiari eta tripulazioko sei kide; tartean euskal herritar bat ere bai: Rogelio Ofizialdegi, 62 urteko nafarra. Autogintzako enpresa batean ziharduen Bartzelonan, eta laneko arrazoiengatik zihoan Alemaniara.

François Hollande Frantziako presidentea izan da lehena azalpen ofizialak ematen. Hasieratik garbi samar adierazi du: ia ziurra da bidaiari guztiak hil izana. Hegazkinak 1.500 metro inguruko altueran jo du lurra, eta, ingurune menditsua izaki, gorpuen bilaketa lanek luze jo dezakete oraindik. Liberation egunkariak elkarrizketatutako lekukoen arabera, 80 zentimetroko elur geruza batek estaltzen zituen istripuaren gunera heltzeko bideak, ibilgailu arruntekin ezin iristeko moduan.

Hildakoei buruzko informazioa argitu ahala, tragedia ere itxura hartzen zihoan airbusaren abiapuntu eta helmuga behar zuten aireportuetan. El Praten (Bartzelona) larrialdietarako zerbitzuak antolatu zituzten, biktimen senideei laguntza psikologikoa emateko. Kataluniako Gobernuko hainbat kide ere bertara hurbildu ziren; besteak beste, Ramon Espadaler Barne kontseilaria eta Santi Vila Lurralde Gaietarakoa.

Joana Ortega presidenteordeak gobernuko bileratik alde egin zuen istripua izan den gunera abiatzeko, eta Artur Mas presidenteak bertan behera utzi du behin-behinean bere agenda ofiziala. «Une zail hauetan tramiteak arintzeko baliabide guztiak» agindu dizkie Kataluniako biktimen senideei, besteak beste, laguntza psikologikokoak, forentseak eta garraioari dagozkionak, istripua izan den lekura joan nahi dutenentzat. Kataluniako hedabideen arabera, gutxienez 30 bidaiari printzipatuko herritarrak dira, gehienak Bartzelona inguruko enpresetako langileak. Espainiako Gobernuak ez du naziotasunei buruzko daturik eman; oraingoz adierazi duenez, berrogeita bostek zituzten «abizen espainiarrak».

Frantziako, Alemaniako eta Espainiako gobernuek krisi kabineteak antolatu dituzte, eta Errusiak eta AEBek laguntza eskaini diete. Mas, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea gaur dira Digne-les-Bains aldera abiatzekoak. Berlinek emandako datuen arabera, 67 bidaiarik Alemaniako naziotasuna zeukaten, eta tartean zeuden ikasle-truke baterako Kataluniara joandako dozena bat inguru nerabe.

Rajoy Gasteizen harrapatu du istripuaren albisteak, Biktimen Oroimenezko Zentroaren eraikuntza lanen hasierako ekitaldian. Horren ostean Gizarte Segurantzako Altxorreko eraikin berri bat inauguratzekoa zen, baina bertan behera utzi du hitzordua, eta bi minutu eskaseko adierazpen bat egin du hedabideen aurrean: «Esan dezakedan bakarra da sentitzen dudala istripu dramatiko hau, eta familiei babesa eta laguntza ematen ahaleginduko garela». Merkelekin eta Masekin ez ezik, Felipe VI.a Espainiako erregearekin eta Pedro Sanchez oposizioko buruarekin ere hitz egin du Rajoyk, eta Ana Pastor Sustapen ministroa igorri du Okzitaniara. Madrilek eta Generalitateak hiru eguneko dolua ezarri dute.

Xehetasunak

Lufthansa hegazkin konpainia alemaniarraren kostu baxuko eskaintzak daramatzan adarra da Germanwings. Jausi den hegazkina 1991an saldu zion Airbus ekoizleak; A320 motako hegazkin zaharrenetako bat zen, beraz. Thomas Winkelmann Germanwingseko gerenteak jakinarazi duenez, bezperan egin zioten azkeneko aldiz ohiko azterketa; sakonekoa, berriz, 2013ko udatik ez zioten egin. Alemaniako 30 pilotuk baino gehiagok uko egin diote Germanwingseko hegazkinak gidatzeari; jausitakoa, itxuraz, arazo teknikoengatik geldirik egon zen ezbeharra izan aurreko egunean.

Lufthansak oraindik ez daki zergatik irten zen hegazkina ia ordu erdiko atzerapenarekin Bartzelonatik. 10:45erako ailegatua zen hegan egiteko altuera arruntera —11.500 metro inguru—, baina apenas iraun zuen minutu bat; berehala hasi zen amiltzen. «Beherakada horrek zortzi minutu inguru iraun ditu», adierazi du Winkelmannek. «Frantziako radarrekiko eta pilotuekiko harremana 10:53 eten da, hegazkina 6.000 oineko altueran zegoela [1.800 metro inguru]». Beherakada zerk eragin zuen argitu gabe zegoen oraindik atzo iluntzean. Alpeetatik heldutako irudiek, ordea, zalantzarako tarte gutxi uzten zuten: hegazkinak harrizko horma baten aurka egin zuen talka, eta milaka zati txikitan barreiatuta geratu zen bailaran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna