Presoen babesaren kontrako operazioa

"Bakearekin eta konponbidearekin konprometituta gaude"

Herritar ugarik babestu dute presoen eta senideen eskubideen aldeko manifestazioa. Aste honetan atxilotu eta inputazioekin atzo aske utzi zituzten Etxerat-eko kide Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar eta Jaiki Hadiko kide Fernando Arburua eta Oihana Barrios joan dira pankartaren buruan.

Lau atxilotuak, manifestazioaren bukaeran, oholtza gainean./
Lau atxilotuak, manifestazioaren bukaeran, oholtza gainean./ Gurutze Izagirre

Gurutze Izagirre-Jokin Sagarzazu -

2015eko martxoak 28

Preso eta senideen eskubideen alde. Elkartasuna aurrera! lelopean egin da aste honetako polizia operazioa salatzeko manifestazioa. Jendeak txalo artean eta "Presoak kalera, amnistia osoa" oihuekin hartu ditu presoen senideak, horiek mobilizazioaren buruan lehen metroak egin dituztenean.

Aste honetan atxilotu eta atzo askatu zituzten Etxerat-eko kide Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar eta Jaiki Hadiko kide Fernando Arburua eta Oihana Barrios joan dira pankartaren buruan, hainbat sindikatu, alderdi eta herritarren babesarekin. Besteak beste, bertan izan dira EH Bilduko Julen Arzuaga, Pello Urizar, Oskar Matute, Maribi Ugarteburu eta Rebeka Ubera, Sortuko Hasier Arraiz eta Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin abokatua, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Ainhoa Beola, ELAko Amaia Muñoa, Pablo Gorostiaga,...

Bakeari ateak ixteko saioak

Manifestazio jendetsua izan da, eta amaieran Bulebarreko agertokira igo dira atzo aske geraturiko lau atxilotuak. Eskerrak eman dizkiete bertaratuei, eta presoen eskubideen alde lanean ari direnen "kriminalizazioa" salatu dute. Nagore Lopez Luzuriagak esan du bakea eta konponbidearekin konprometituta daudela, "inork ez dezan jasan guri gertatua". Hala, gizartearen babesa eskatu dute horrelako gertaerak bukatzeko. 

Mati Iturraldek (Jaiki Hadi) eta Maider Alustizak (Etxerat) manifestaziora deitu duten 18 eragileren izenean hitz egin dute esateko "bakeari ateak ixteko saioak" direla halako polizia operazioak. Horrez gain, salatu dute "muturreko egoeran" bizi diren presoen bizi-baldintzak nabarmen okertzen dituela konfiantzazko osasun laguntza kentzeak.

Tamainako erasoen aurrean, tamainako erantzuna emateko deia egin dute.

Zain dago ama kantuarekin eta Euskal presoak etxera oihuekin amaitu da mobilizazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna