Politika

Iraganarekiko autokritika sustatzeko programa bat aurkeztu du Jaurlaritzak

 “Denok egin behar dugu autokritika, baina ez denok modu berean, ardura maila ez delako berbera”, esan du Iñigo Urkullluk Zuzendu programaren aurkezpenean. Lehendakariak dei egin die presoei bizikidetzaren alde pausoak eman eta iraganaren interpretazio kritikoa egiteko. Haren ustez, presoek Espainiako espetxe erakundeetara jo beharko lukete espetxe onurak eskuratzeko.

Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandez, gaur, Zuzendu programaren berri emateko agerraldian. DAVID AGUILAR, EFE
2015eko apirilaren 1a
09:27
Entzun

"Egindako minaren aitortza" egitea. Hori da Eusko Jaurlaritzak landuko duen bidea, Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, zaila delako elkarbizitza lortzea "ez badago autokritikarik eta egindako minaren aitorpenik".  

Gaur aurkeztu dute Zuzendu programa Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako buru Jonan Fernandezek. Jaurlaritza giza eskubideen alorrean garatzen ari den orain arteko egitasmoei gehituko zaie. Hauteskunde zikloa igaro ostean jarriko dute martxan, hau da, 2015. urteko bigarren seihilekoan.

Presoak gizarteratzeko Hitzeman programarekin lotu du Jonan Fernandezek Zuzendu, autokritika presoen gizarteratzea errazteko gakoetako bat delakoan. Hitzemani buruz, Fernandezek azaldu du azken hilabeteetan hartu-emanak izan dituztela hainbat eragilerekin programa garatze aldera. Fase hori bukatutzat eman du idazkariak, eta hurrengo hilabeteetan gizarteratzeko programa presoekin lantzen hasiko direla esan du.

Presoen gizarteratzeaz gainera, mehatxuak, estatu indarkeria eta biktimen aitortza landuko dute programa horren bitartez. Autokritikaren ildotik, betiere. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean "gabeziak" eta "konfiantza falta" atzeman dutelako erabaki dute Zuzendu programa abiatzea.

“Denok egin behar dugu autokritika, baina ez denok modu berean, ardura maila ez delako berbera”, esan du Iñigo Urkullluk Zuzenduren aurkezpenean. Oro har, elkarbizitza, espetxe politika eta gizarteratze gaietan alderdi politikoek aurrera egiteko dituzten arazoak gainditzeko modu bat izan daitekeela uste du lehendakariak. Urkulluren ustez, guztiek egin behar dute autokritika, baina talde zehatz batzuek beste batzuek baino erantzukizun handiagoak dituzte.

Deslegitimazioa, mehatxuen aitortza, biktimak

Presoen gaiaz gainera, Zuzendu planak iraganeko kritika espezifikorako beste hiru puntu aurkeztu ditu. Lehenik eta behin, talde armatuen indarkeria eta ekintzak “arma politiko gisa legitimatzea” landuko dute. Horien artean egongo dira ETA militarra eta politiko-militarra, Komando Autonomo Antikapitalistak eta beste hainbeste.

Bigarren puntu gisa, “sufrimendua eta horren ondorioak gizarteratzeko estrategia” agertu du lehendakariak. Mehatxuak eta estortsioa pairatu duten pertsonen edo bizkartzainekin bizi behar izan dutenen errealitatea jarriko du Jaurlaritzak mahai gainean, baita kale borroka ekintzak jasan dituztenena ere.

Hirugarrenez, Espainiako Estatuaren “bidegabeko indarkeria” eta indarkeria paraestatalaren erabilpena aztertuko dute. Azken puntu gisa, biktimek jaso duten arretaren inguruan gogoeta egitea proposatu dute. ETAren eta antzeko beste erakundeen biktimen arreta falta jasotzen du planak, bai eta BVE, GAL eta antzeko taldeen biktimak “ikusezin” bihurtu izana erakunde publikoen aldetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.