Gizartea

Absurdoari monumentuak

Hutsik dagoen pabiloi bat, hegazkinik gabeko aireportua, inondik inora ez doan trenbidea, dirutza xahutu ostean inoiz eraiki ez den museoa... Erabilerarik gabe, porrot egin dute UPNren agintaldian aurkeztutako azpiegitura nagusiek.

Navarra Arena.
Navarra Arena. Iņigo Uriz / Argazki Press

Ion Orzaiz-Nafarroako Hitza -

2015eko apirilak 3

Bere agintaldiaren atzera begirakoa egin zuen Yolanda Barcinak iragan astelehenean, maiatzeko hauteskundeak antolatzeko dekretua sinatu zuenean. Hitzaldian, UPNren gobernuaren lorpenak nabarmendu zituen presidenteak, eta baita egindako lanaren ardatz nagusiak ere. "Gobernuaren jardunak hiru oinarri izan ditu: seriotasuna, erantzukizuna eta kudeaketa ezin hobea", esan zuen. Agerikoa denez, Barcinak nahiago izan zuen UPNren agintaldia baldintzatu duten polemikak saihestu eta Nafarroako ekonomiari milaka milioi euroren galerak eragin dizkioten proiektu faraonikoen aurrean ezikusiarena egin.

Izan ere, CAN auziak eragindako zulo ekonomikoa albo batera utzita ere, Miguel Sanzen eta Barcinaren beraren gobernuek dirutza xahutu dute inongo fruiturik eman ez duten beste hainbat proiektu erraldoitan. Gaur-gaurkoz, denboraren iragatearen eta politika estilo baten dekadentziaren lekuko bihurtu dira mastodonte horiek guztiak. Edukirik gabeko edukiontzi garestiak. Absurdoari eta xahukeriari eskainitako monumentuak.

NAVARRA ARENA PABILOIA

Erreginak ez daki zer egin koroaren harribitxiarekin
10.000 ikuslerentzako pista nagusi bat, 2.500 pertsonarentzako areto txikiago bat, 2.500 ikusle har ditzakeen frontoia, hainbat solairuko lurpeko aparkalekua, 60 milioi euroren inbertsioa... Navarra Arena pabiloia ez da kiroldegi soil bat. Koroaren harribitxia izateko jaio zen. "Erreferente bat", Miguel Sanz presidente ohiaren esanetan. Egiazki, Nafarroako Gobernuak sustatutako azpiegitura nagusia izan da hainbat urtez... handinahikeriak proiektu osoa hondoratu duen arte. Gaur egun, harribitxi hori UPNren lepoari lotutako harritzar bihurtu da, eta Sanzen oinordeko politikoek ez dakite zama hori gainetik nola kendu.

Azpiegitura horren lanen adjudikazioa 2008. urtean egin zen. Urte hartan, Portland San Antonio eskubaloi taldea elitean zegoen oraindik, baina gainbehera betean —2004-2005eko denboraldian irabazi zuen Asobal liga azkenekoz—, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko pabiloian jokatzen zituen partidak —3.000 ikuslerentzako tokia du areto horrek, eta oso gutxitan bete da—. Bestalde, Nafarroako gainontzeko kirol taldeek (Itxako, Anaitasuna, Xota, Basket Navarra...) nekez erakar zitzaketen 10.000 pertsonarentzako pabiloi bat betetzeko adina zale.

Argi zegoen, beraz, halako inbertsio batek izan zitzakeen balizko onurak baino askoz handiagoak zirela arriskuak. Berehala, ugaritzen hasi ziren Navarra Arena proiektuaren kontrako kritikak, baina Nafarroako Gobernuak entzungor egin zuen: UPN-PSN koalizioak lehentasunezko izaera eman zion proiektuari, Nafarroa 2012 planaren barruan sartuta. Eliteko kirol jarduerak eskaintzeaz gainera, kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak ere programatzeko balioko zuela esan zuten orduan agintari nafarrek, baina azpiegiturak ez du helburuetako bakar bat ere bete. Alde batetik, pertsona gehien erakar zezakeen taldea, San Antonio, 2013an desagertu zelako; eta, bestetik, kontzertu eta ikuskizunen promotore gehienek ezin dietelako aurre egin pabiloiaren alokatze gastu itzelei.

Iazko irailean amaitu ziren lanak —hiru urteko atzerapenarekin—, baina Navarra Arenaren ateak ez dira oraindik zabaldu. Udal langile bat arduratzen da, noizean behin, argiak pizteaz eta komunetako nahiz aldageletako txorrotek funtzionatzen dutela ikuskatzeaz. Iñigo Alli kontseilariak onartu du, gainera, eraikinak 400.000 euroren gastua eragiten diola administrazioari urtean, argindarra, ura, gasa, segurtasuna eta zergak ordaindu behar baitira, pabiloia zabalik egon ala ez.

Gobernukide eta proiektuaren sustatzaile izandako PSNk ere atzera egin du azken urteetan, eta "UPNren megalomaniaren adibide" gisa definitu du proiektua. Azpiegitura publikoa inbertsore pribatuei saltzea proposatu du PSNko ordezkari Juan Jose Lizarbek behin baino gehiagotan.

LOS ARCOSKO ZIRKUITUA

Diru publikoekin erositako 'scalextric' pribatua
Batek erreskatatu, besteak saldu. Miguel Sanzen nahiz Yolanda Barcinaren gobernuei lotuta egon da Los Arcosko zirkuituaren proiektua hasieratik beretik.

Iragan hamarkadaren erdialdean jaio zen egitasmoa, "Nafarroa auto eta motor lasterketen mapan kokatzeko helburuarekin", baina argi gelditu zen berehala zirkuituaren bideragarritasunik eza. Hala, Samaniego eraikuntza enpresa pribatuaren ekimenez sortutako proiektua hondora zihoala ikusita, eskua sartu zuen gobernuak 2008an, kapitalaren %95 erosita. Alegia, porrot egiteko zorian zen azpiegitura erreskatatu zuen.

Zirkuitua eraikitzeko lanek 62 milioi euroren kostua izan zuten, eta UPNren gobernuak kreditu bat eskatu behar izan zuen gastu itzelari aurre egiteko. Baina zulo ekonomikoa ez zen horrekin amaitu, 2010. urtean zabaldu zenetik galerak etengabeak izan baitira. Hala, 2,6 milioi euro galdu zituen Los Arcosek lehen urtebetean.

Garai hartan Gizarte Politikako kontseilari zen Elena Torresek (PSN) parlamentuan azaldu zuenez, gastua amortizatzen zen neurrian murriztuko ziren galerak ere, baina errealitatea oso bestelakoa izan zen. Handik hiru urtera, 2013ko urriaren 10ean, azalpenak eman behar izan zituen Iñigo Alli kontseilariak zirkuituaren kontura, gastua amortizatu beharrean, zorrak pilatzen zituelako. Azkenik, gobernuak aitortu behar izan zuen urtean milioi bat euro galtzen zituela Los Arcosen zulo beltzean.

2013ko abenduan, UPNren gobernuak Los Arcos Motorsport enpresa pribatuari saldu zion azpiegitura, 15 milioi euroren truke. Oposizioko alderdien arabera, negozioa ezin kaltegarriagoa izan zen Nafarroako ekonomiarendako. "Zirkuituaren truke 60 milioi euro pagatu genituen, eta orain 15 jasoko ditugu. Horrez gain, 27 milioi euroko kreditua eskatu zuen gobernuak, eta urtean 2,6 milioi ordaindu beharko ditugu 2024ra arte. Negargarria da", esan zuen Koldo Amezketa Bilduko legebiltzarkideak.

AHT-AREN KORRIDOREA

Hasiera eta bukaerarik gabeko trenbidea basamortuan
Baina Nafarroan diru publikoen zakukadak irentsi dituen munstrorik bada, hori AHTaren Castejon-Iruñea zatia da: gainontzeko zatiekin lotunerik ez duen trenbide bat, basamortuaren erdian. Inondik etorri ez eta inora ez doana.

2010eko apirilaren 9an sinatu zuten hitzarmena Miguel Sanzek eta Jose Blancok, Nafarroako eta Espainiako gobernuen izenean, hurrenez hurren. Horren arabera, Castejon eta Iruñea arteko zatia eraikitzeko lanak bi urtez aurreratzeko konpromisoa hartu zuen Sanzen gobernuak; eta, ondorioz, baita Madrili zegokion gastua aurreratzeko konpromisoa ere: guztira, 387 milioi euro, 70 kilometroko trenbide zatia eraikitzeko eta, sinatzaileen esanetan, "Espainia uztartzen laguntzeko".

Negozioa ixteko Sanzek "berebiziko presa" izan zuela nabarmendu zuen AHT Gelditu! elkarlanak: "Ia 400 milioi eurotan balioztatutako lanak adjudikatuko ditu gobernuak, eta hortik mozkin ederrak jasoko dituzte enpresa eta bankuek". Ikuspegi ekonomikotik ere, halako inbertsio batek sekulako arriskua zekarrela ohartarazi zuen elkarlanak ohar batean: "Nafarroak 387 milioi euro aurreratuko ditu, baina kopuru horri gehitu behar zaizkio kredituen interesak eta lanen ohiko garestitzea. Horiek guztiak Nafarroak ordainduko ditu bakar-bakarrik". Kritikoek iragarri bezala, lanen atzeratzea eragin zuen krisiak —Cadreita-Villafranca azpi-zatia besterik ez da eraiki—, baina Nafarroak milioiak gastatzen segitu du hala ere.

SANFERMINETAKO MUSEOA

Festa herrikoia, bitrina baten barruan gordeta
UPNk behin eta berriz mahai gainean jarritako proiektua izan da sanferminetako museo edo gune tematikoarena. 2001. urtean abiatu zen proiektua estreinakoz, Yolanda Barcina Iruñeko alkate zela. Orduan, Iruñeko Arrotxapea auzoa hautatu zuten museoaren kokagune gisa, baina, 767.000 euro gastatu ostean, UPNk proiektua gelditzea onartu zuen.

Handik bost urtera, 2010ean, berriz heldu zion UPNk gaiari: 18 milioi euroren aurrekontua aurkeztu zuten gobernuak eta udalak, eta Aralar kaleko orube bat ere atondu zuten azpiegitura eraikitzeko. Hutsik segitzen du lur eremu horrek gaur egun, museoa ez baitzen inoiz eraiki. Kontu Ganberak 2012an argitaratutako txosten baten arabera, 6,5 milioi euro galdu zituen administrazioak, museoarekin lotutako lanen eta kalte-ordainen ondorioz.

NOAINGO AIREPORTUA

Bidaiari kopurua amildu arren, lurreratze pista luzeagoa
2007. urtean, 500.097 bidaiarik erabili zuten Noaingo aireportua. Kopurua harrigarria zen, inoizko handiena, eta, hala ere, aireportu zaharraren instalazioek ez zuten gainezka egin. Aireportua txikia zen, baina egokia, hegazkin konpainien eskaintza murritza kontuan izanda.

Gaur egun, AENA enpresa publikoak —Nafarroako Gobernuaren ekimenez— eginiko inbertsio itzelari esker, aireportu berria du Nafarroak: askoz handiagoa, eta aukera eskaintzen duena urtean 1,1 milioi bidaiariren trafikoa kudeatzeko. 2014an, ordea, erabiltzaileak 138.000 eskas izan ziren, eta aireportuak 10,5 milioi euroren galerak eragin zituen. Pilatutako galerak 140 milioi eurotik gorakoak dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna