Albistea entzun

EMAKUMEEN FUTBOLA

Jokaldi apurtzaileak

Dirua biltzeko lagunarteko partida bat antolatu zuen Santurtziko andre talde batek 1970eko hamarkadan. Oharkabean, futbol talde bihurtu ziren, Bizkaian aitzindarietako bat. Ikusleen arbuioa eta irainak gogoan dituzte oraindik.

Santurtziko emakume futbolarien taldea, 1969an.
Santurtziko emakume futbolarien taldea, 1969an.

Ianire Renobales -

2015eko apirilak 10 10:47

Ines de la Mata Olabarrietak astebururo dauka CD Santurtziko futbol taldearen partida ikusteko sarrera bat. Futbol zale amorratua da. Behin, iazko denboraldian, txartelik lortu ez arren, zelaira joan zen, eta txarteldegian zegoen langileari galdetu zion ea jokalari ohia izanda sartzerik bazuen. Zur eta lur, zuzendaritzak futbolean jokatu zuela frogatzerik zuen galdetu zion. Baietz erantzun zien. Eta «gustura» eraman zizkien taldeko argazki zaharrak. Hala, kasualitatez, orduko emakume futbolarien pasarteak ahanzturatik berreskuratu zituen De la Mata Olabarrietak. Herrian kartelak jarri eta jokalari guztiak topatu ostean, martxoan, klubak omenaldia egin zion ordura arte soilik gizonena zen esparrura sartzen ausartu zen emakume kirolari talde honi.

Maria Angeles Lopezek, Vegui Extremeñok, Kontxi Zorrilak, Begoña Iglesiasek eta De la Mata Olabarrietak irribarre egiten dute futbolari izandako garaiei buruz hitz egitean. Hamabost andrek hartu zuten Santurtziko emakumeen futbol taldea osatzeko erabakia. «Gure abentura 1969an hasi zen. Kabiezesko auzokide batek istripu bat izan zuen ehizan zebilela. Ebakuntzarekin eta gastu medikoekin laguntzeko asmoz, futbol taldea eratzea erabaki genuen», azaldu du Extremeñok. Hasiera batean, dirua biltzeko ongintzazko partida bat antolatu zuten, baina emakumeek kirola egiten jarraitzeko borondatea agertu, eta, handik gutxira, taldea sortu zuten.

Garai hartan emakume futbolarien talde gutxi zeuden. Santurtzin bakar bat ere ez. Jokalariek talde bakan batzuk gogoratzen dituzte: Sodupe, Zugaztieta, Zalla eta Sondika baino ez Bizkaian. «Inguruetan ez ginen hamar talde baino gehiago izango; oso arraroa zen emakumeak futbolean ikustea. Oraindik ez zen ezta Athleticeko emakumeen taldea existitzen», gogoan du De la Mata Olabarrietak. 1972an, emakume gehiago batu ziren, eta bigarren taldea sortu zuten. Baina batzuek familia zaintzeko premia ikusi zuten, eta beste batzuek, etxetik kanpoko lanean hasita, ezin izan zuten taldean jarraitu. Azkenean, 1970eko hamarkadako hasieran, betiko desegin zen. «Ibilbide profesional laburra izan genuen arren, oso berezia izan zen», adierazi du Lopezek.

Emakumeen taldeek gizonek baino lehenago jokatzen zuten beti. «Giroa sortzeko erabiltzen gintuzten. Ikusleak erakartzeko amu bihurtzen ziren gure partidak. Publikoak ez gintuen serio hartzen», dio De la Mata Olabarrietak. Ikusle gehienak gizonezkoak izan ohi ziren. Zorrillaren arabera, «astakeriak baino ez zituzten botatzen». Lopezek dioenez, denetarik entzun behar zuten zelaira ateratzen ziren bakoitzean: «Sukaldera itzul zaitezte! Hobeto etxean egongo bazinate! Hau ez da zuen tokia!», besteak beste. Hala eta guztiz ere, ez zieten jaramonik egiten, futbolari zioten maitasunak isekak baino pisu handiagoa baitzuen. «Entzungor egiten genien, eta ahal bezain ondo jokatzen genuen.

Gu dibertitzen ginen, baina ez dakit zein izan zen talde hura sortzearen helburua, gu dibertitzea ala publikoa entretenitzea», gaineratu du Zorrillak. Bat datoz gainontzeko jokalariak. De la Mata Olabarrietaren ustez, «emakumeak korrika ikusteko joaten ziren, ez emakumeen partida ikustera».

Astean birritan elkartzen ziren entrenatzeko. Iglesiasek gogoan du praktikatzeko erabiltzen zuten futbol zelai zaharra. «Osasun etxe ondoko antzinako zelaian ibiltzen ginen, eta lokatza belaunetaraino heltzen zitzaigun. Harriz eta zuloz beteta zegoen, eta sarritan erortzen ginen lurrera. Partidetarako, ordea, Kabiezesko zelaira igotzen ginen», dio Zorrillak. Lehendabizi, gizonen taldea entrenatzen zen arratsaldean. Haiek amaitu ostean, emakumeek hartzen zuten lekukoa.

«Ezin ginen zelaira atera haiek bukatu arte. Oso berandu egiten zitzaigun, eta gauean heltzen ginen etxera. Baina gogoko genuen zapatilak janztea eta kamisetak bustitzea», jarraitu du. Aldagelak eta dutxak beste arazo bat bihurtu ziren orduan. «Lau edo bost dutxa baino ez zeuden, eta, gu heltzerako, ez zegoen ur berorik», kexatu da De la Mata Olabarrieta. Nahiz eta ordutegiak edo instalazioak traba izan, gogotsu joaten ziren entrenatzera. Lopezen arabera, elkartasun handia zegoen jokalarien artean, eta horrek edozein oztopori aurre egiten laguntzen zien. «Ez genuen soldatarik irabazten, ez genuen pizgarri ekonomikorik. Maitasunagatik jokatzen genuen; oso ondo pasatzen genuen elkarrekin, eta horrek motibatzen gintuen aurrera egitera. Hala ere, garai hartan ez ginen ohartzen Bizkaiko emakume futbolarien oinarriak ezartzen ari ginela», dio Lopezek.

Nahiz eta 46 urte igaro, futbolari ohiek ez dute ahaztu jokatutako lehenengo partida. Zugaztietako taldearen aurka izan zen, eta galdu egin zuten. «Gogoan dut atezaina; atea bera baino handiagoa zen. Eta, nire lehenengo penaltia jaurtitzea egokitu zitzaidanean, ez nekien nondik sar nezakeen gola, ezinezkoa zen hain emakume handia aurrean izanik», gogoratu du Extremeñok. Irabazi ala galdu, entrenatzailearen sostengua eduki zuen Santurtziko emakumeen futbol taldeak. «Gure entrenatzaileak jarraitzera animatzen gintuen. Gizona zen, baina serio hartzen zuen gure esfortzua eta lana. Ez zion jaramonik egiten publikoari, eta entrenamenduetan gure teknika hobetzen laguntzen zigun», azaldu du Iglesiasek. Binaka jarri eta andre bakoitzaren potentziala azaleratzeko lan egiten zuen. Extremeñok dioenez, «jokalari bakoitzaren indar puntuak neurtzen zituen, eta zelaian bazekien nork jokatu behar zuen toki batean edo bestean. Ez gintuen baztertzen. Gizonezko jokalarien antzera tratatzen gintuen».

Etxekoek, bai baina ez

Futbolari izandako urteetan, taldekide askok ezagutu zuten gerora euren senarra izango zena. Haiek ere, oro har, babesa erakusten bazieten ere, sarri eztabaidak sortzen ziren kirol horrekiko zaletasunagatik. «Nire senarrak ez zuen partidetara etorri nahi. Ondo zeritzon ni taldean aritzeari, baina ezin zituen aguantatu zelaian botatzen zizkiguten astakeriak», adierazi du De la Mata Olabarrietak. «Jokatu nuen azken partida Castron [Kantabria, Espainia] izan zen, eta etxerako bidean eztabaidatzen itzuli ginen. Ez zuen ulertzen nola jasaten genituen halako isekak. Hura izan zen jokatu nuen azken norgehiagoka», jarraitu du. Zorrilaren aitak sentipen bera zuen; ez zuen atsegin alaba eta taldekideak tratatzen zituzten modua, eta behin eta berriro eskatzen zion taldea uzteko eta beste kirol bati heltzeko. Baina emakumeek argi zuten «astakeria sorta batek» ez zituela geldiaraziko. Taldeak iraun zuen urte labur haietan behintzat, «irmoago» jarraitzeko adorea eman zien santurtziarrei.

Lau hamarkadaren buruan, taldekideek futbolari lotuta jarraitzen dute. Batzuk CD Santurtzi taldea ikustera joaten dira asteburuetan. Besteak, iloben partidetara, animatzera. «Egun egoera asko aldatu da, eta neskek gu baino aukera gehiago dituzte; baina oraindik ere mutilek baino talde gutxiago dituzte». Aurrera egitera animatu dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Idurre Eskisabel. ©Euskalgintzaren Kontseilua

Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

Julen Aperribai

Karguan hamabi urte egin dituen Paul Bilbao ordezkatuko du Durangon, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian. Lehentasuntzat jo du «kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan» lan egiten duten eragileekin aliantzak sendotzea.

Feministalidaren hamazazpigarren edizioaren aurkezpena, gaur, Donostian ©Andoni Canellada / FOKU

‘Ahoa narras’ izenburupean egingo dute Feministaldiaren hamazazpigarren edizioa

Isabel Jaurena

Azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitarte izanen da jaialdia, Donostiako Tabakaleran.

Galdakaon egindako agerraldia ©Aritz Loiola / Foku

Galdakaon bi familia kaleratzeko arriskuan daudela salatu dute

Gotzon Hermosilla

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak esan duenez, «putre funtsak Euskal Herrira iritsi dira; orain da geldiarazteko garaia».

Donostiako geltokia, artxiboko irudi batean. Gaur zen martxan jartzekoa behin-behineko geltoki berria. ©Gorka Rubio / FOKU

Renfeko 10.000 erabiltzaileri baino gehiagori eragin die Andoain eta Irun arteko etenak

Berria

Gaur jarri dute martxan Donostiako behin-behineko geltokia, baina espero baino beranduago. 04:00 aldera ziren zirkulazioa zabaltzekoak; arazoa, ordea, 12:30erako konpondu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...