Literatura

Guenter Grass hil da

Nobel saria jaso zuen 1999an eta XX. mendeko idazle aleman nabarnenetako bat izan da.

Guenter Grass, New Yorken. /
Guenter Grass, New Yorken. / Peter Foley

Juan Luis Zabala -

2015eko apirilak 13

Guenter Grass alemaniar idazlea hil da, 87 urterekin, Luebeck hiriko ereitxe batean (Alemania), Steidl argitaletxeak jakinarazi duenez.

Gdansken sortu zen Grass, 1927an. Egun Poloniakoa den hiri hori Alemaniakoa zen orduan, eta Danzig zuen izen ofiziala. 47ko Taldea deitutakoaren kide nabarmenetako bat izan zen. Die Blechtrommel (1959, Latorrizko danborra), Katua eta sagua (1961) eta Hundejahre (1963, Zakur urteak) eleberriekin hasi zen ezaguna egiten. Gazte sasoiko Danzig hiriko gizarte burges txikiaren deskripzio karikaturazkoa egiten du lan horietan, nazismoaren erru-kezkak azalduz beti.

1972an Tagebuch einer Schnecke (Barraskilo baten egunerokoa) idatzi zuen, bere jarrera politikoak arrazoitzeko asmoz. Arnasa luzeko eleberria da Der Butt (1977, Erreboiloa), eta gizateriaren historia fantastikoa kontatzen da bertan erreboilo baten ikuspuntutik.

Literaturako Nobel saria jaso zuen 1999an. Mundu ezkor, krudel eta bortxazko bat agertzen du Grassek bere lanik gehienetan, hizkera trinko eta sarri barroko baten bidetik. Haren antzerki lanetan nabarmenak dira absurduaren ezaugarriak.

Polemika politiko eta literario gordinak izan zituen askotan. Politikoki, nazismoak Alemanian utzitako erru-kezkaren inguruan oso zorrotz jokatu zuen beti, ahanzturaren aurka agertuz. SPD alderdi sozialdemokrataren alde agertu zen Willy Brandten garaian, eta gero ere alderdi horri eman zion babesa, nahiz eta batzuetan kritiko agertu, zentristegia iritzita. Kontserbadoreen aurkako kritika zorrotzak jaurti zituen, bereziki Helmut Hohlen aurka. Azken urteetan jarrera kritikoa agertu du Alemaniaren batasunari buruz, eta Israelgo Gobernuaren aurka ere aho bizarrik gabe mintzatu da.

Bere memoriak argitaratzean, 2006an, Grassek aitortu zuen gaztetan Adolf Hitlerren menpeko SS Waffen eliteko borroka taldeetako kide izan zela, eta aitorpen horrek zabalkunde handia izan zuen Alemaniako nahiz Alemaniatik kanpoko hedabideetan.

Literaturaren arloan, oso oihartzun handikoak izan ziren Marcel Reich-Ranicki literatur kritikariarekin izan zituen eztabaidak. 

Grassen bi nobela daude euskaratuta: Katua eta sagua (Katz und Maus jatorrizkoan) eta Batzarra Telgten (Das Treffen in Telgte jatorrizkoan). Lehena Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu zuen, eta Ibaizabal argitaletxeak plazaratu, Literatura Unibertsala bilduman; bigarrena Andolin Eguzkitzak euskaratu zuen, eta Alberdaniak argitaratu, 2002an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna