hilberria

Eduardo Galeano hil da, 74 urterekin, Montevideon

Idazle uruguaiarra Montevideon hil da, jaioterrian, 74 urterekin. Haren hiru lan itzuli dituzte euskarara.

Eduardo Galeano 2012an Bilboko Liburu Azokan, Kritikaren saria jaso zuenean. /
Eduardo Galeano 2012an Bilboko Liburu Azokan, Kritikaren saria jaso zuenean. / Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Gorka Erostarbe -

2015eko apirilak 13

Eduardo Galeanok 74 urte zituen. Idazlea eta kazetaria izanik, Latinoamerikako errealitatea islatzen egindako lanagatik da ezagun. Bereziki egin zen sonatu Las venas abiertas de América Latina, 1971n idatzitakoa. Liburu hori ez dago euskarara ekarria, baina bai beste hiru lan. Xabier Alegriak Ispiluak. Mundu ia ororen historia liburua euskaratu zuen duela bi urte (Txalaparta, 2013); gainerako biak Gerardo Markuletak itzuliak dira: Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000) eta Istorio hiperlaburrak (Erein, 1995), zeinak hainbat ipuin oso labur biltzen dituen.

Iragan ostiralean Montevideoko ospitalera eraman zuten Eduardo Galeano, biriketako minbizi baten ondorioz. 1971n argitaratu zuenetik, Latinoamerikako literatura politikoaren ikurretako bat bilakatu zen Las venas abiertas de América Latina. Haren ibilbidean hamaikatxo dira lan goratuak, baina Memorias del fuego da kritikak nabarmentzen duen beste liburua. Biak ala biak hogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzulita daude.

Las venas abiertas de América Latina argitaratu zuenean 31 urte zituen, eta geroago aitortu izan zuen garai hartan ez zuela artean formakuntza nahikorik lan hura behar bezala ontzeko. "Obra politiko-ekonomikoa izan nahi zuen, baina ni ez negoen nahikoa prestaturik. Ez dut damu idatzi izana, baina etapa hura gainditua dut".

2009ko apirilean, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak Las venas abiertas de América Latina liburuaren ale bat oparitu zion Barack Obama Amerikako Estatu Batuetakoari Ameriketako V. Biltzarrean, Puerto Españan (Trinidad eta Tobago). Ondoren, idazleari galdetu zioten gertaera haren inguruan, eta zera erantzun zuen: "Ez Obamak eta ez Chavezek ez lukete ulertuko testua... Borondate onenarekin oparitu dio, baina Obamak ez daki gaztelaniaz. Keinu eskuzabala izan zen, baina apur bat krudela".

2009an egin zioten elkarrizketa batean esan zuen: "Ez soilik AEBek, Europako hainbat herrialdek ere diktadurak erein dituzte munduan zehar. Eta, hala ere, demokrazia zer den erakusteko gaitasuna dutela sentitzen dute".

Montevideon jaio zen, 1940an, familia aberats eta katoliko batean. 14 urte zituenean saldu zion lehen karikatura politikoa El Sol astekariari. Uruguaiko alderdi sozialistaren agerkaria zen hura. Kazetaritza ibilbidea 1960ko hamarkadan hasi zuen, Marcha-ko editore modura. Itzal handiko astekaria zen hura, eta, besteak beste, Mario Vargas Llosa, Mario Benedetti eta Manuel Maldonado izan zituen kolaboratzaile. 1973ko ekainaren 27an Uruguain gertaturiko estatu kolpean espetxeratu egin zuten, eta, gero, Uruguai uztera behartu zuten. Las venas abiertas de América Latina zentsuratu egin zuten Uruguain, Argentinan eta Txilen. Argentinara joan zen bizitzera, eta Crisis kultur agerkaria sortu zuen.

Latinoamerikako ezkerreko intelektual modura nabarmendu aurretik, fabrikako langile, margolari, marrazkilari, mezulari, mekanografo eta bankuko langile izan zen, besteak beste. Eta jakinekoa da futbola oso gustuko zuela, eta Mario Benedettirekin partekatzen zuela zaletasuna.

Eduardo Galeanoren beste obra nabarmen batzuk:

-'Los días siguientes' (1962).

-'La canción de nosotros' (1980).

-'Voces de nuestro tiempo' (1981).

-'Contraseña' (1985).

-'El tigre azul y otros artículos' (1988).

-'Nosotros decimos no' (1989).

-'Las palabras andantes' (1993).

-'El fútbol a sol y sombra' (1995).

-'Patas arriba: Escuela del mundo al revés' (1998).

-'Bocas del tiempo' (2004).

-'Espejos' (2008).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna