genero indarkeria
Sanferminetako iragarki sexisten kontra egiteko eskatu diote peñek Iruñeko Udalari
Iazko txupinazoan gertatutako erasoak erabili dituzte bidaia antolatzaile ugarik publizitate gisa. Iruñeko Udaleko berdintasunerako teknikari Pilar Mayok iragarri du iragarkia erretiratzea eskatuko dutela. Fermin Alonso kultura zinegotziak ez du adierazpenik egin nahi izan.

Sanferminetara joatera deitzeko hainbat enpresak egindako iragarkien artean irudi sexistak ageri direla salatu du Iruñeko Peñen Federazioak, eta esku hartzeko eskatu dio udalari. Ohar batean adierazi duenez, iazko txupinazoan gertatutako sexu erasoen irudiak erabili dituzte hainbat bidaia antolatzailek erakargarri gisa.
Iruñeko Udaleko berdintasunerako teknikari Pilar Mayok iragarri du gaia aztertuko dutela, eta iragarkia erretiratzea eskatuko duela udalak. "Iruñeak ez luke publizitate hori baimendu behar, gauzak nahasi eta atzetik berehala baitatoz erasoa eta biolentzia", esan du. Fermin Alonso kultura zinegotziak aldiz, ez du adierazpenik egin nahi izan; esan du ez dela bere alorra, eta berdintasun teknikarien ardura dela erantsi du. Sanferminak iragartzeko kartel finalisten aurkezpenean esan du hori.
Federazioak gogoan izan du iazko sanferminetan sexu erasoen kontra abiatutako kanpaina, eta deigarria iruditu zaio kanpaina horren ostean udalak esku hartu ez izana iragarki horien aurrean: "Erasoen irudiak erabiltzeak eta horien aurrean erantzun irmorik ez egoteak ahalbidetzen du urtero-urtero gure jaietan emakume ugarik erasoak jasatea". Gainera, salatu dute Iruñea "legerik gabeko hiria" delako irudia ematen dutela iragarkiok.
Festak "berdintasunean eta sexu erasoetatik libre" ospatu ahal izatearen alde lan egiten jarraituko duela agindu du federazioak.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.