ETXERATEN XIV. BATZARRA

"Ez gara giza eskubideen alde lan egiteaz nekatuko"

Nazio batzarra egin du Iruñean Etxerat elkarteak, 500 lagun inguru bilduta. Salatu dute espetxe politikaren bidez presoen "defentsa juridikoa eta osasungintza deuseztu" nahi dituztela Espainiak eta Frantziak, eta ziurtzat jo dute sakabanaketa amaituko dutela.

Etxerat-en agerraldia batzarraren ostean.
Etxerat-en agerraldia batzarraren ostean. Jagoba / Argazki Press

Berria -

2015eko maiatzak 3

Senideok daukagun ezaugarri adierazgarriena duintasuna da". Indarberritzeko batzarra egin du Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Iruñean; "elkarri berotasuna eta elkartasuna emateko eta bidean aurrera indarturik egiteko" batzarra.

Egoeraren azterketa ere egin du elkarteak. Maider Alustiza bozeramaileak aitortu du 2015a urte "gogorragoa" egiten ari zaiela presoen senide eta lagunei, gogoraraziz lau auto istripu izan direla aurten espetxeetarako joan-etorrian: "Historiak ezingo du ezbaian jarri gure sufrimenduaren aitortza. Errelato horretan, dispertsioak eraildako hamasei lagun ditugu". Gaixo dauden presoak ere gogoan izan dituzte batzarrean. Bideoa: Ahotsa.info.

Hala ere, lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du Alustizak, eta mezu baikorra luzatu du: "Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten ari gara". Gogoan izan dituzte elkarteak eragile ugarirekin egindako bilkurak eta Europako Parlamentura eginiko bisita, eta giza eskubideen alde jarduten jarraituko duela agindu du.

"Ez gara horren alde lan egiteaz nekatuko. Dispertsioa eta eskubideen urraketen amaiera eskatu baino, amaiera emango diegu", ohartarazi du Alustizak: "Alferrik ari dira. Ezinezkoa dute elkartasunaren suaren inguruan biltzea eragotzi. Etxerat piztuta daramagulako gure barnean".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna