01/12 sumarioa

Seina urteko espetxe zigorra 28 gazteetatik zazpiri

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu bederatzi gazte. Epaiketan beste hamabiri karguak kendu zizkien. Segiko kide izatea leporatuta, zigortutakoak atxilotzen hasi dira arratsaldean Espainiako Polizia eta Ertzaintza, lau oraingoz. Horiek babesteko mobilizazioak hasi dira. Auzipetuek agerraldia egingo dute bihar eguerdian, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Espainiako Poliziaren presentzia nabarmena izan da arratsaldean Iruñeko Arrotxapean. Bertakoa da Ibon Esteban, zigortuetako bat. Ez dute atxilotu oraindik.
Espainiako Poliziaren presentzia nabarmena izan da arratsaldean Iruñeko Arrotxapean. Bertakoa da Ibon Esteban, zigortuetako bat. Ez dute atxilotu oraindik. Jagoba Manterola / Argazki Press

Jon Olano-Jon Ordoñez -

2015eko maiatzak 6

Iritsi da Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten 28 gazteen auziaren epaia. Hasieran auzipetu zituzten 28 gazteetatik zazpi zigortu dituzte seina urteko espetxe zigorrarekin —hamabiri karguak kentzeko eskatu zuen fiskalak epaiketan—. Epaiaren berri eman aurretik, Espainiako Polizia eta Ertzaintza horiek atxilotzera joan dira, eta atxilo eraman dituzte Xabat Moran, Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz eta Marina Sagastizabal; azken hori Bilbon, San Mamesetik gertu.

Aiala Zaldibar, Ibon Esteban eta Igarki Robles dira zigortutako beste hirurak. Babesa adierazteko lehen mobilizazioak hasi dira. Bilboko Santutxu auzoan Inma Berriozabali harrera egin ondoren, 20:00etan, Moranen atxiloketa gaitzesteko manifestazioa egingo dute Xabat askatu! 28ak ere Libre! lelopean, Sei Izar plazatik. Iruñeko Arrotxapea auzoan Esteban babesteko biltzera deitu dute 19:30ean, Ipar Gorri tabernaren ondoan.

Beste bederatzi gazte absolbitu egin ditu Auzitegi Nazionalak. Horiez gain, kargurik gabe daude hasiera horretan auzipetu zituzten 28 gazteetatik hamabi, epaiketaren amaieran fiskalak hala eskatuta. Atxilotu zituztenean hemeretzik salatu zituzten torturak, eta Istanbulgo protokoloa eginda, egiazkotzat jo zituzten horien testigantzak.

Epaiaren zain ziren gazteak abenduaren 16tik. Auzitegi Nazionaleko fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen hamasei gazterentzat. Moran atxilotu duten momentuan abokatuek BERRIAri aitortu diote atxiloketek ez zutela ezer onik iragartzen, eta zazpi gazte horiek espetxeratu egingo dituzte.

Hiru atxilotu

Hiru dira oraingoz atxilotuak, Moran bera, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz, baina gehiago izan litezke. Hiru horiez gain, Esteban, Sagastizabal, Robles eta Zaldibarrek jaso dute seina urteko zigorra. Gasteizen Aiala Zaldibar atxilotzera joan da Ertzaintza, baina ez dute etxean aurkitu.

Lehen atxiloketen berri izan ondoren, epaia iritsi aurretik, auzipetutako zenbait gaztek babesa bilatu dute. Esate baterako, Eneko Villegas Atarrabiko Etxebeltzara joan da, eta babesa ematera joan zaizkio hainbat gazte, eta Oihana Lopez Burlatako Euskal Herria peñara joan da.

Moran atxilotu duten ertzainek gertukoei jakinarazi dietenez, epaia irmoa da, eta EAEko Auzitegi Nagusira eraman behar zuten jaso zezan. Gaur arratsaldeko ordu bietan atxilotu dute Moran, Bilbon. Somera kalean atxilotu dute, eta handik minutu batzuetara jakinarazi du Eleak mugimenduak ez zela atxilotu bakarra.

Babesa emateko deia

Topatu.info atariak jakinarazi du Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz ere atxilotu dituztela. Atxiloketa horien berri izan eta berehala jarri dute martxan babesteko protokoloa, #28akEreLibre hashtag-a erabiliz. Hernanin Ezkiaga pasealekuan kontzentratzeko deia egin dute, Julen Zuaznabar babesteko (absolbitu egin dute azkenean).

Segiko kide izatea egotzita auzipetutako 28 gazteak dira denak. BERRIAk jakin duenez, azkenaldian Polizia atzetik zuen Moranek. Izan ere, epaia egun batetik bestera iristekoa zen —iazko irailean hasi eta abenduan amaitu zen epaiketa—. Gazteek ohartarazi zuten martxoaren amaieran "prest" egon behar zela epaia iristen zenerako.

2010ean izan ziren lehen atxiloketak, "Segiren zuzendaritza osatzeko bileretan parte hartzeagatik". 2014ko irailaren 22an hasi zen epaiketa, auzipetuen deklarazioekin. Segiko kide izatea egotzita auzipetutako 28 gazteetatik hogei Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta haietako hemeretzik salatu zituzten torturak.  Guztiek egin zuten Istanbulgo protokoloa, eta egiazkotzat jo zituzten adituek haien testigantzak.

Bost gazte —Jazint Ramirez, Irati Tobar, Xabier Arina, Imanol Salinas eta Igarki Robles— ez ziren aurkeztu, eta herri harresia egin zuten Loiolan. Atxilotu eta kartzelatu egin zituzten. Urri amaieran, ordea, libre utzi zituzten.

2014ko abenduaren 16an, Izaskun Goñi, Egoi Irisarri, Endika Perez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Saioa Zibiaur, Ainara Ladron, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jazint Ramirez eta Xalbador Ramirezen kontrako akusazioak erretiratu zituen fiskalak, eta, hiru egun geroago, epaiaren zain geratu zen auzia. "Epaiketa politikoa" izan zela salatu zuten azken hitza hartzean. Fiskalak beste epaiketa batean absolbitutako beste 40 gaztek polizia etxean egindako deklarazioetan oinarritu zen zigorrak eskatzeko: seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak.

2010-2011n atxilotuak

Hiru sarekadetan atxilotu zituzten gazte auzipetuak: 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsail-martxoan. Batez beste, hamaseina hilabete egin dituzte kartzelan gazteek. Guztira, 768.000 euro ordaindu zituzten bermetan.

Epaiketan zehar, babes zabala jaso dute gazteek. Azaroan, milaka lagun elkartu ziren Iruñeko kaleetan haien alde, eta gizarte eragile ugarik defentsaren lekuko gisa deklaratu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna