kultura

Aitor Mazo aktorea hil da

Etxean topatu dute hilik 54 urteko aktore bilbotarra.

Gorka Erostarbe -

2015eko maiatzak 7

Telebistan, zineman eta antzerkian egindako lanak tartekatu ditu Aitor Mazok (Bilbo, 1961) bere ibilbide osoan, baina zinema eta antzerkia zituen maiteen. Madrilera jo zuen maiz horretarako. "Euskal Herrian ez dagoelako aktore izateko baliabiderik. Nahiz eta EITB zerbitzu publikoa izan, baldintza pobreetan egiten dituzte kontratuak, eta Txillida izanez gero bai, baina, bestela, ezer gutxi dago hemen", adierazi zuen elkarrizketa batean. Orain bi aste Bilboko Loraldian izan zen, Anton Abadiaren rolean. Patxo Telleriak prestatu zuen orduko testua, eta Mazo aritu zen aktore lanetan. Bihar bertan Tanttakaren Barealdi magikoa antzezlanean taularatzekoa zen, Iruñeko Gaiarre antzokian.

Txikitatik izan zuen aktore izatea buruan. DBHko ikasle batzuek egindako elkarrizketan hala aitortu zuen: "Txikitatik izan nintzen oso graziosoa, klaseko titiriteroa, gauzak asmatuz eta jendeari kontatuz. Gaztetan, asko gustatzen zitzaidan pelikulak ikustea; piper egiten nuen, eta gauez ikasten nuen zinemara joatearren. 16 urterekin, aktore izatea erabaki nuen, eta nire izekok, txartel saltzailea zenez, asko lagundu zidan".

Patxo Telleriarekin batera, zuzendari aritu zen La máquina de pintar nubes filmean. Mazoren haurtzaroa zuen abiapuntu filmak. Aire zabalean margotzeko saioetara joan ohi zen Mazo garai hartan, eta hala egiten du filmeko protagonistak ere. Zinemaren zailtasunaz mintzatu ziren, halere, bi zuzendariak lan hari buruzko elkarrizketa batean: "Zinema egitea mirakulua da, eta, beraz, are mirakulu handiagoa euskal zinema egitea. Ziur aski, leku guztietan antzekoak esango dituzte, baina orain arte oso zaila izan da lurrotan artista izatea. Garaiz gaude hori aldatzeko eta esan zahar hauek bukatzeko: 'Futbol jokalaria, hobe bertakoa, eta artista, hobe kanpokoa'".

Bypass filma ere zuzendu zuen Patxo Telleriarekin batera, eta Zinemaldian aurkeztu zuten 2012an. Hemen BERRIAn egindako elkarrizketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna