Komunikazioa

Josean Bengoetxea eta Nagore Aranburu izango dira 'Aitaren Etxea' telesaileko aktoreetako batzuk

Joan den astean hil zen Aitor Mazo aktoreak pertsonaietako bat jokatu behar zuen. Datorren astelehenean hasiko dituzte grabaketak. ETBk iragarri du irailean estreinatuko duela telesaila.

Nagore Aranburu aktorea. /
Nagore Aranburu aktorea. / Jon Urbe/Argazki Press

Urtzi Urkizu -

2015eko maiatzak 11

Pausoka ekoizpen etxeak eta ETBk euskal aktore ezagunak bildu dituzte Aitaren Etxea telesail berrirako. Josean Bengoetxea eta Nagore Aranburu izango dira protagonistetako batzuk, baita Loreto Mauleon, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe eta Ander Azurmendi ere.

Datozen zortzi asteetan ordu bateko hamabost atal grabatuko dituzte. Grabazio guztiak dekoratu naturaletan egingo dituzte. Besteak beste, Gipuzkoako Zestoa, Legazpi eta Hondarribia herrietan grabatuko dute.

1950eko hamarkadan girotuko dituzte tramak. Familia bat hotel eder baten jabe da, baina 1936ko gerraren ostean zailtasun handiak izango ditu. Bestetik, familia horretako seme gaztea herriko alkatearen alabarekin maiteminduko da. Bi familien arteko iragan korapilotsuak maitasun harremana zailduko du. Bestalde, diktaduraren aurkako langileen mugimenduak izango dira tartean.

Telesailaren zuzendaria Jabi Elortegi da. Goenkale, Balbemendi eta Go!azen telesailen eta Zorion perfektua filmaren zuzendaria izan da Elortegi. Argazki zuzendaria Gaizka Bourgeaud da (Arriya, Bertsolari). Gidoilariak Xabier Zabaleta, Pedro Fuentes, Maite Duque eta Itziar Minguez dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna