adierazpen askatasuna

Sare sozialetan "terrorismoa" goratzea leporatuta, 19 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 12 lagun atxilotu ditu; haietako batzuk aske utzi dituzte. Ane Ituño abokatuaren arabera, ez dakite ziur zein delitu zehatz egozten dieten; "akusazio generikoa bakarrik dakigu".

Guardai Zibilak iazkoa azaroko operazioaren harira komunikabideei bidalitako irudia. GC
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko maiatzaren 19a
07:33
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman du orotara 16 lagun atxilotu dituela gaur sare sozialetan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea leporatuta. Atxiloketa horietatik 10 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin ditu. Gainerakoak, Katalunian (2), Galizian (1) eta Espainian (3) egin ditu. 

ETA, GRAPO eta  Terra LLiure taldeen aldeko mezuak zabaltzea egozten die gaur atxilotutakoei. Besteak beste, "guardia zibilen edota ertzainen hilketak goratzea", alkateen kontra atentatuak egiteko "desioa" edota "terrorismoaren biktimei iseka egitea" leporatzen diete. 

Ane Ituño abokatuak Euskadi Irratian salatu duenez, ez dakizkite atxilotuei zer delitu zehatz egozten dizkieten; "akusazio generikoen berri besterik ez dugu". 

Atxilotu eta gutxira askatu

Barne Ministerioak ez du atxilotuen izenik eman; soilik inizialak eman dituzte. Hala, oraindik, ez dira zabaldu atxilotu guztien izen-abizenak. 

Goizeko 06:30ean etxetik irten denean atxilotu du Guardia Zibilak Kaiet Prieto 20 urteko gaztea, Barakaldon. Bilboko La Salveko polizia etxera eraman dute, eta gazteak berak deitu dio familiari atxilotu egin dutela esateko; sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik atxilotu dutela ere jakinarazi du gazteak. Komunikaturik egon dago, eta jada askatu dute.

Barakaldon bertan, Andeka Jurado atxilotu dute. Euskadi Irratiaren arabera, Xabier Otero ere atxilotu dute.

Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, Bilbon etxetik atera ostean atxilotu dute Alfredo Ramirez amurriorra. Hura ere komunikaturik eduki dute, eta jada aske utzi dute.

Getxon, berriz, Xabier Arruza atxilotu dute.

Gasteizko 'herri harresiaren' ostean atxilo

Gasteizko herri harresiak txio batean zabaldu duenez, bertan komunikazioan aritu den Jon Egurzegi operazio berean atxilotu du Guardia Zibilak:

Tolosaldeko Ataria-ren arabera, Iker Ibarluzea atxilotu dute Ibarran (Gipuzkoan). Bazkaltzera ez zetorrela ikusirik Ertzaintzara jo dute senideek; haiek jakinarazi diete Ibarluzea atxilotua izan dela. Ustez, goizean auto bila joan denean atxilotu du Guardia Zibilak. Intxaurrondon izan dute, eta deklaratu ostean, aske utzi dute.

Iazko apirilean eta azaroan izaniko atxiloketen jarraipena dela zabaldu dute berri agentziek. Hain zuzen, Armiarma polizia operazioaren hirugarren fasea litzateke gaurkoa. Aurreko bietan, orotara, 21 eta 19 lagun atxilotu zituzten: lehen polizia operazioan, hamabost euskal herritar atxilotu zituzten; bigarrengoan, 11.

Apirileko atxilotuak egunean bertan utzi zituzten. Sare sozialetan "ETAren terrorismoa goratzea" egotzita atxilotu zituzten, Eloy Velasco epailearen agindupean. Halaber, GRAPOren eta jihadisten aldeko mezuak zabaltzeagatik auzipetu zituztela ere erantsi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.