GENERO INDARKERIA

Emazteen Aurkako Bortizkerien Behatokia, bertan behera

Prefetak jakinarazi zuen Frantziako Estatuaren zerbitzuak egituratik aterako zirela; gelditzen direnek uste dute behatokiak ez duela zereginik ordezkari horiek gabe.

Duela bi urte sortu zuten behatokia. Irudian, sorrera ekitaldia. GAIZKA IROZ
Nora Arbelbide Lete.
2015eko maiatzaren 22a
11:59
Entzun

Emazteen bortizkeriaren aurkako behatokia “hil da”, argiki adierazi zuen horren bultzatzaile nagusietako batek, Martine Bisauta Baionako hautetsiak. Argiki eta etsiturik agertu zen Bisauta bera, baita egiturako beste udaletako ordezkariak ere. Bisautak deuseztatze horren frogatzat izan zuen joan den maiatzaren 4an iragan behatokiaren biltzar nagusia. Prefetak Frantziako Estatuaren ordezkariak egituratik ateratzen zirela iragartzeko bidali gutunetik landa iragan zen bilkura, zenbait egunetara. Eta udalez aparte ez zela nehor etorri azpimarratu zuen Bisautak. Ez zegoen hor, ez Baionako ospitalea, ez Baionako auzitegiko ordezkaririk, ez polizia etxekorik ez eta Frantziako estatuaren diru laguntzak jasotzen dituzten hainbat egiturakorik. Aitzineko bilkuretan horiek guztiak horretan biltzen zirela.

Izan ere, behatokiaren berezitasuna hasieratik izan zen hiri eta herrietan oinarritua izatea. Nahiz, berez, ez den udalen eskumen zuzena izan gai hori, garrantzitsua izan zaie hasieratik hiriak horretan inplikatzea. Adibide bat emateko, zenbait hiri prest zeuden beharrean ziren emazteentzat bizitoki batzuen prestatzeko. Herri txikiago batzuk, berriz, aurreikusten ari ziren herriko eskola zenbaitzuetan irakasleentzako antolatu bizitokiak, gaur egun hutsak direnak, horretarako erabili zitezkeela.

Bisautak nabarmendu zuen baita ere iaz 1.000 emaztetik gora izan zirela Lapurdi eta Baxenabarren laguntza eskatu zutenak (ez baitezpada bortizkeria bati lotuak).

2010eko urte bukaeran sortu zuten behatokia. Baionatik, denborarekin orotara zortzi herri ziren sartuak egituran, eta gehiagoren mentura zuten. Kontua da hasierako urteetatik azken hilabeteak arte denbora anitz iragan dutela egitura juridiko egokia aurkitzen eta baita finantzamenduak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.