UPNren proposamenari ezezkoa eman dio Ezkerrak

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko maiatzaren 29a
14:46
Entzun

Diario de Navarra-k jakitera eman du Maria Txibite presidente izateko UPNk babesa eskaini diola PSNri. Koalizio horrek Ezkerraren babesa beharko luke, PPNarekin batera. Ezkerrako zerrendaburu Jose Miguel Nuinek sare sozialen bidez berehala erantzun dio proposamenari, ezezko borobil batekin:

Ezkerrak "ezkerreko" alternatibaren alde egin du, eta nabarmendu ez dela izango UPN eta PPren "preso".

Ondotik, Nuinek berak agerraldia egin du Txema Mauleon alderdikidearekin batera Esparzaren proposamenari erantzuteko. Halako gobernu bat ahalbidetzea kanpainan esan duten guztiari "iruzur" egitea litzatekeela gaineratu du. Aldaketa emateko jokalekuan, bost alderdi daudela esan du, "eta 33 eserleku". Ondorioz, PSN aldaketaren parte izan behar duela deritzo.

Nuinen ustez PSNk jada ezin du UPN oposiziora bidaltzeko aldaketa geldiarazi. Ildo horretan, akatsa deritzo EH Bilduk PSN baztertzea: "Orduan eta indar gehiago batu eskuinaren aurrean orduan eta hobeto".

PPN: "Ez gara balazta izango"

UPN "iparra galduta" dagoela uste du Uxue Barkosek. Besteak beste, gobernua osa dezan UPNk PSNri babesa emateko proposamena "Esparzaren burutazioa" dela uste du Geroa Baiko presidentegaiak gaur Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan esan duenez. 

Geroa Baik eta PPNk goizean eduki dute bilera, Nafarroako gobernu berria osatzeko Geroa Baik hasitako bilera erronden harira. Pablo Zalba PPNko eledunak argi eta garbi esan du ez dutela Barkosen hautagaitza babestuko presidente izateko. Nabarmendu du PPN ez dela "gobernu ez nazionalista bat" osatzeko balazta izango.

Ezkerrarekin eta PPNrekin bildu ostean, PSNrekin bildu da Geroa Bai.

Ahalik eta "akordio zabalena" lortu nahi du Uxue Barkosek. EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Baik lortutako eserleku kopuruarekin (26) aldaketa posible izan arren PSNrekin ere ados jarri nahi du Geroa Baik. Hala ere, aitortu du PSNren ibilbideak ez duela erraza jartzen.

Oraingoz gobernua osatzeko erabiliko duten formula ez dutela zehaztuta esan du: "Koalizio gobernua izan daiteke, baina badira beste formula batzuk ere. Argi dugun gauza bakarra da kuoten gobernuak ez duela lekurik izango aldaketarako gobernu horretan. Egonkortasuna duen gobernua izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.