Epaitegiak

Abokatuek uste dute Iñaki Goioagari "bera delako" jazartzen zaizkiola

Euskal presoak defendatzen dituzten abokatuek salatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok Auzitegi Gorenari eskatu izana Iñaki Goioaga abokatu eta senataria inputatzeko.

Iñaki Goioagaren agerraldia Bilbon. ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko ekainaren 5a
10:20
Entzun

Euskal presoen defentsan aritzen diren eta Espainiako Auzitegi Nazionalean lan egin ohi duten abokatuek agerraldia egin dute, Iñaki Goioaga abokatu eta senatariaren kontra abiarazitako auzibidea salatzeko. Jone Goirizelaiak azaldu duenez, abokatuen kontrako auzibideak hasi dituzte nazioartean Auzitegi Nazionalaren jokabidea zalantzan jartzen hasi direnean -nazioarteko zenbait auzitegik Espainiaren kontra ezarritako zigor eta epaiak ekarri ditu gogora-, eta, esan duenez, auzibide horien helburua da Auzitegi Nazionalaren jokabidea agerian utzi duten abokatuen lana oztopatzea. “Goioagaren kontra egin dute bera delako, euskal presoak defendatzen dituen abokatua delako eta senataria delako”, esan du.

Goirizelaiak adierazitakoaren arabera, Velasco epaileak Espainiako Auzitegi Gorenari bidalitako idazkiak Guardia Zibilaren txostenak ditu oinarri bakar, eta ez du froga bakar bat ere aurkezten txosten horiek egiazkoak direla baieztatzeko. Goioagarari leporatzen dizkiotenek -presoak bisitatzea edo bere bulegoan bilerak egitea- “bere egiteko profesionalarekin lotura zuzena” dute, eta ustezko delitu fiskalaren inguruan adierazitakoa “gezur hutsa” baino ez da: “Velascok badaki hor ez dagoela deliturik, suposatzen delako legea ezagutzen duela, baina hala ere tematzen da horretan delituaren itxura eman ahal izateko”, esan du Goirizelaiak.

Goioagak adierazi du Velascoren idazkiak ez duela ezustean harrapatu eta horrelako zerbait espero zuela. Horren atzean “bultzada politikoa” ikusten du: “Gatazka konpontzeko Espainiako Barne Ministerioaren ildoarekin bat ez datozen planteamendu guztiak kriminalizatzen saiatzen dira, horren inguruko eztabaida politiko eta soziala saihesteko xedearekin”. Era berean, esan du prest dagoela Auzitegi Gorenaren aurrean deklaratzeko deitzen badiote, “ezkutatzeko ezer” ez duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.