Irak

Tarik Aziz hil da, Saddam Husseinen diplomazia burua

Ospitale batean hil da, uste denez espetxean bihotzeko bat jasan ondoren. AEBek 2003an preso hartu zuten, inbasioaren hasieran. 2010ean heriotza zigorra ezarri zioten, gizateriaren aurkako krimenak egotzita.

Tarik Aziz izan zen Saddam Husseinen diplomazia burua./
Tarik Aziz izan zen Saddam Husseinen diplomazia burua./ TARIK TINAZAY/EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko ekainak 5

Nasiriya hiriko ospitale batean hil da Tarik Aziz, Dhi Qar probintziako gobernadoreak AFP agentziari jakinarazi dionez. Abdulhussein al-Dakhilik ez du zehaztu zerk eragin dion heriotza Azizi, baina Irakeko hedabideen arabera bihotzekoak jota hil da. Osasun egoera txarra zuen, eta azken urteotan Azizen sendiak behin baino gehiago eskatua zuen bere askatasuna. Saddam Husseinen erregimeneko agintari ezagunena zen nazioartean, Hussein beraren ondoren. 79 urterekin hil da.

Husseinen aroan, (1970eko hamarkada hasiera-2003) estatuko kargu nagusietan zegoen kristau bakarra izan zen Aziz. 1983-1991 artean Atzerri ministro izan zen, eta 1979tik AEBen inbasiora arte lehen ministrorde kargua izan zuen. Husseinek gutxi bidaiatu ohi zuen atzerrira, eta Aziz bidali ohi zuen ordezkari diplomatiko nagusi gisa. AEBek Irak inbaditu zutenean, atxilotzeko zeuzkaten 55 helburu nagusien zerrendan 43.a zen Aziz (Hussein zen lehenbizikoa). Inbasioa hasi eta hilabetera errenditu zen.

2010ean, Auzitegi Gorenak heriotza zigorra ezarri zion "hilketak eta gizateriaren aurkako krimenak egotzita". Jalal Talabani presidenteak, ordea, ez zuen inoiz sinatu zigor hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna