BILBO
Jendez bete ez, baina gogoz ase bai
Herri galdeketak iragarri dituzte Ispasterren eta Diman 2016rako. Milaka lagun elkartu dira Bilboko estadioan erabakitzeko eskubidearen alde.
Dinamikak orain arte eginiko bideari erreparatuz ekin diote ekitaldiari, eta une historiko bat ere izan dute gogoan; Arrate Orueta eta Eba Ferreira Athleticeko jokalari ohiekin batera zelairatu dira Inaxio Kortabarria Realeko jokalaria eta Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia; hain zuzen, ikurrina artean debekatua zenean zelairatu zutenak. Laurek eraman dute berdegunera hautetsontzi bat.
#ZUZENEAN Ikurrina zelairatu zutenen eskutik hautetsontzia #BiharErabakia http://t.co/wr7k76y6mk pic.twitter.com/mG9BuV31SR
— Berria.eus (@berria) June 21, 2015
Hainbat musika taldek girotu dute ekitaldia; tartean, Zea Maysek. Gaita galiziarrak eta kitarra flamenkoak ere jo dituzte. Unai Iturriaga eta Igor Elortza aritu dira bertsotan, eta Kirmen Uribe idazleak ere hartu du hitza, Rafa Ruedaren kitarrak lagunduta: "Historia luzea dugu eta ez gara adin txikikoak. Beraz nor gara gure etorkizuna erabakitzeko".
Egun osoko egitaraua antolatu du Gure Esku Dago mugimenduak, baina ekitaldi nagusia arratsaldekoa izan da. Ordura arte, hainbat herritar bildu dira Bilboko Zazpi Kaleetan eta Areatzan festa giroan. Kamiseta laranjak non nahi ikusi ahal izan dira.
Zazpi kaleetan jendea erabaki eta dantza gogoz. Hots: Ezin bada dantza ez da gure iraultza. @berria #BiharErabakia pic.twitter.com/QhfaPSWc3v
— Inigo Astiz (@iastiz) June 21, 2015
Horren aurretik eguerdian Areatzako eta Euskaldunako zubiaren artean eginiko oihal kateak ere herritar asko batu du. Gu euskaldunak gara abestia kantatuz eta olatuak eginez, umore onarekin egin dute elkarretaratzea.
Herriz herri jositako oihalak erabili dituzte, eta horiekin muntatuko da ere arratsaldeko hautestontzi erraldoia. Aste asko daramatzate herrietako batzordeek jaialdia antolatzen, eta prest dituzte tamaina eta kolore guztietako oihalak. Lan horri esker, gainera, aurrez jarritako helburuetako bat bete da: herritarren parte-hartzea bultzatzea.
Helburu horren bidean, behar handia egin dute herrietako batzordeek aurtengo ekitaldi berria herriz herri aurkeztu eta herritarrei dinamikaren nondik norakoak azaltzeko. Bizkaian, guztira 67 batzorde daude. Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate jendetsuaren arrakastari esker jende gehiagorengana iristea lortu dutela dio Iker Jalon Erandioko Gure Esku Dago batzordeko arduradunak. «Herritarrek gustura parte hartzen dute gure Esku Dago-ren gisako ekinbideetan. Iazko giza kateak jende asko hunkitu zuen».
EGITARAUA
12:00. Oihal Katea. Euskalduna zubia eta Areatza artean. 11:30erako nork bere tokian egon beharko du. 12:30ean amaituko da.
16:30. San Mames Barriko ateen irekiera. Ordu horretan irekiko dituzte ateak.
17:30. Ekitaldi nagusia. San Mames estadioan egingo da.
BESTE GUNEAK
Areatza. Txahal errea, saiheskiak, ogitartekoak, edariak... • 13:00. Bertso saioa: Fredi Paya, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue. Gai-jartzaile: Maite Berriozabal. • 14:30. Kherauren kontzertua.
Ripa. Jolastokia egongo da. Kale animazioa, puzgarriak, umeeentzako tailerrak...
Jai gunea. • 13:00. Trikizioren erromeria • 20:30. Oxabi erromeria eta lagunak: Xabihoo (Enkore), Ibon (Itziarren semeak), Francis (Doctor Deseo), Aiora Renteria (Zea Mays), Iñigito (Txapelpunk), Kepa Junkera, Revolta Permanent, Maria (Siroka), Naroa (Izerdi Gorria), Roberto (Zarama), Miren Amuriza eta Oihane Bartra, Yogurinha Borova, Tor eta Txorroba magoak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria...
Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra. Kale animazioa.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.