Solabarriaren bizitza eta pentsamendua, hamahiru esanetan

2015eko ekainaren 24a
18:06
Entzun

36ko gerraren erdian hezi eta hazi zen, eta zapalduaren eta justiziaren aldeko kontzientzia gazte-gaztetik ernatu zitzaion Periko Solabarria apaiz, langile eta militante sutsuari. Hona hemen haren bizitzaren ardatz izan diren une eta toki historikoez zein kezka sortu zien gaiei buruz Solabarriak berak BERRIAri esan zizkionak:

36ko gerra

"Gure etxean bertan bonba bat erori zen, eta sukaldea bakarrik geratu zen zutik; hain zuzen, aita zegoen tokia. Txiripaz libratu zen, hainbat lagun hil baitziren orduan. Sirenak maiz jotzen zituzten, hiru aldiz. Gogoratzen naiz babeslekura joan behar izaten zela, korrika. Hala pasatzen genuen denbora, sirena hotsaren zain, korrika hara eta hona, babesleku bila".

Apaizgoa

"Gasteizen ikasi nuen, eta han ezagutu nituen Setien gotzaina, Uriarte gotzaina, Zigarda Gasteiz eta Nafarroako gotzain, Sukia artzapezpikua... Elizako elitearekin izan nintzen, beraz. Apaiztegiak argi-ilunak izan zituen niretzat. [...] Boterearen alde zegoen erabat Eliza. Apaiztegitik irteten ginen apaizok ez genuen ez klase kontzientziarik eta ez kontzientzia politikorik. Oso kontserbadoreak ginen".

[Gogor apaizen mugimenduari buruz] "Nik uste dut oso harreman estu eta interesgarria sortu genuela, apaiz gisa eta militante gisa. Pentsatzen dut euskal mugimenduak bi oin izan behar dituela, sozialismoa eta independentzia, eta gure arteko harremanak ikuspegi hori lantzen lagundu zuen".

Barakaldoko etxea, klandestinitatearen habia

"Gezurra ematen du nola egoten ginen hain pentsaera desberdineko jendeak elkarrekin, eta denak sasian. Alderdi Komunistako David Morin eta Jose Unanue, Ibarrola anaiak, UGTko Nicolas Redondo, Lalo Lopez, Patxi Lopez lehendakariaren aita eta abar".

Arerio politikoak

"Nik beti pentsatu dut gehiago aurreratzen dela ezti tanta batekin ozpin upel batekin baino, eta, adibidez, zinegotzia izan naizenean, harreman ona izan dut guztiekin, eta ospitalera joan gara Alderdi Popularreko zinegotziak bisitatzera gaixorik egon direnean".

Langile kontzientzia

"Obra sonatu guztietan aritu nintzen: Malmasingo tunelean, Rontegiko zubian... Lanean, baina beti langileen aldeko borrokan. Sekula ez nuen izan beheko lan hori utzi nahi izan, ez ahazteko herria, langileak, nola zeuden".

"Langileek erabakitzeko ahalmen txikia dute. Garai bateko batzar bidezko funtzionamendua lapurtu zaio langileriari; elkartasuna lapurtu zaio, borrokarako grina. Sindikatuek erabakitzen dute lan hitzarmenak onartu edo ez, grebara joan edo ez. Garai batean, batzarrek erabakitzen zuten dena".

Ezkerraldea

"Aberastasun handia sortu du lurralde horrek, eta hein handi batean, etorkinen lanari esker izan da: langile galiziar, andaluziar eta abarrek izerdia eta odola isuri dute hemen".

Industriaren eraispena

"Euskaldunarekin hasi ziren, eta han zaurituak, hilak, istilu larriak izan ziren, langileen lanpostuen alde. Baina laster ikusi genuen EAJk atzera egingo zuela. Asko borrokatu ginen, baina ikusten duzunean Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) eraisten ari direla, arima lurrera erortzen zaizu. Gainera, ia borrokarik ez zen izan Labe Garaietan".

Gizarte kontzientziaren galera

"Euskal Herrian etxe kaleratze ugari egon dira azken urteetan, eta lau katu egon gara kaleratuei babesa ematen eta protesta egiten. Nola da posible?".

Gazteak

"Gazteria bertan behera uzten baldin badugu borroka hau galdu egingo dugula uste dut. Euskal Herrian oso baliotsua izan da eta da gazte mugimendua. Abangoardia izan dira ia beti".

Euskal presoak

"Haiek ari dira espetxearen egoera latz bizitzen, eta, askotan, kritika batek min handia egin diezaioke kartzelan dagoenari. Ulertu egin behar dugu zer- nolako egoeran dauden, eta errespetatu egin behar ditugu. Nik ez dut inoiz kritikatuko euskal preso batek hartutako erabakirik".

Egungo egoera politikoa

"Borrokan aritu garen belaunaldi guztientzat, zabaldu zaigun egoera inoiz ezagutu gabea da, eta, beraz, zalantzaz betea. Oso interesgarria da aurrera egitea eta pausoak ematea, eta nik ontzat jotzen ditut egindakoak. Dena dela, ez dugu ahantzi behar boterea eskuratzea bezain garrantzitsua dela kalean egotea, lokatza zapaltzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.