Euskaltzaindia

Sei euskaltzain urgazle gehiago ditu Euskaltzaindiak

Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Karmele Jaio, Iñaki Martinez de Luna, Patxi Salaberri Muñoa eta Blanca Urgell dira izendatu berriak.

Blanca Urgell. /
Blanca Urgell. / Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Berria.info -

2015eko uztailak 20

Joan den ostiralean Donostian egin zuen osoko bilkuran, Euskaltzaindiak sei euskaltzain urgazle berri izendatu zituen: Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Karmele Jaio Eiguren, Patxi Salaberri Muñoa, Iñaki Martinez de Luna eta Blanca Urgell Lazaro.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Gasteiz, 1960) Hari hauskorrak (Erein, 1993), Kartografia (Alberdania, 1998) eta Bitan esan beharra (Alberdania, 2012) poema liburuen egilea da; hiru liburuok Espainiako Kritikaren Saria jasoak dira, euskarazko poesiaren atalean. Itzultzaile gisa, besteak beste, Portugalgo, Estatu Batuetako, Esloveniako, Letoniako, Irlandako eta Poloniako idazleen lanak itzuli ditu. Volgako batelariak blogaren sortzaileetako bat izan zen, beste hainbat idazlerekin batera, 2005ean.

Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko hizkuntz teknikaria da, eta Euskaltzaindiaren Onomastika batzordekidea, 2005etik. Gasteizko Toponimia egitasmoko aholkulari izan zen, 2009tik 2013ra. Deustuko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak abiatutako hainbat toponimia egitasmotan parte hartu du. Trebiñuko barrendegiak sortu duen administrazio arazoan gehien sakondu duen ikertzailea da.

Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970) Emakundeko Komunikazio arduraduna eta idazlea da. 2004an argitaratu zuen lehen liburua, Hamabost zauri ipuin bilduma, Elkar argitaletxearekin. Urte berean Igartza saria irabazi zuen, Amaren eskuak eleberriaren proiektuagatik. Eleberri hori, Amaren eskuak, 2006an kaleratu zen, Elkar argitaletxeak. Eta hainbat sari jaso zituen: Zilarrezko Euskadi saria, Zazpi Kale saria eta Beterriko Liburua saria. Eleberrian oinarrituta, Mireia Gabilondok izenburu bereko filma zuzendu zuen 2013an. Bere hurrengo liburuak honako hauek izan ziren: Zu bezain ahul (2007), Musika airean (2009) eta Ez naiz ni (2012), guztiak Elkar argitaletxearekin plazaratuak. Jaioren liburuak gaztelaniara, alemanera edota errusierara itzuli dira.

Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) soziologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Hizkuntzaren soziologian aditua da, bereziki hizkuntza gutxituen soziolinguistikan. HIZNET Hizkuntza Plangintza Graduondoko zuzendaria da, 2001etik. Soziolinguistika Klusterraren sortzaile eta lehendabiziko buru izan zen 2004-2006 artean. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna da 1986tik. Euskara Aholku Batzordeko kide eta Euskara 21 ataleko zuzendaria da. 2005etik, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren aholkulari da. 2007-2013 artean Auñamendi Eusko Entziklopediako zuzendaria izan zen.

Patxi Salaberri Muñoa (Aramaio, Araba, 1956) euskal filologian doktorea eta EHUko filologia irakaslea da. EHUko EUDIA ikerketa taldeko kide da, euskararen bariazio soziolinguistikoa ikertzeko sortutako taldea. Euskal literatura klasikoan aditua da, XVI. eta XVII. mendeetako idazleak eta obrak ditu aztergai nagusi. Hainbat liburutan ikertu ditu Pedro Axularren edota Joanes Leizarragaren idazlanak. 2002an Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen Uretan idatziak poema liburuarekin. 2005ean plazaratu zuen bere azken poema liburua, No, Pamiela argitaletxearekin.

Blanca Urgell Lazaro (Gasteiz, 1962) euskal filologian doktorea eta EHUko Filologia irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. EHUko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kide da. Bereziki lexikografian eta idazlan klasikoen edizioan nabarmendu da. Tesia Manuel Larramendiren hiztegigintzaz egin zuen 2000. urtean. Besteak beste, Pedro Axular, Pedro Antonio Añibarro edota Frantzisko Ignazio Lardizabal aztertu ditu. 2015ean, Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik, Axularren Gero liburuaren edizio kritikoa argitaratu zuen. 1988-2000 bitartean Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian lan egindakoa da. Filologia arloko ikerketak aldizkari askotan ere argitaratu ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen 2009-2012 artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna