Ekonomia

Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, susperraldi ekonomikoak "itzalgune" ugari ditu oraindik

Itzalguneen artean aipatu dituzte negoziazio kolektiboa "ia guztiz" geldi egotea eta aldi baterako kontratuen kopurua handitu izana.

Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 21a
17:13
Entzun

2013. urtearen amaieran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina hazten hasi zen, eta 2014an hazkunde hori %1,2koa izan zen. Aurtengo lehen hilekoan, berriz, krisia hasi zenetik daturik onena izan da: %2,2ko igoera. LHK Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, hazkunde hori enpleguari buruzko datuetan eragiten hasi da, eta zenbait joera "positibo" ikusten dira: "Erregistratutako langabezia jaitsi egin da, eta kontratazioa, igo". Susperraldi ekonomikoari, hala ere, zenbait "itzalgune" ikusten dizkio Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak. 2014ko txosten soziolaborala aurkeztu dute gaur eguerdian.

Itzalguneen artean aipatu dute negoziazio kolektiboak "ia guztiz" geldirik egotea. LHKren datuen arabera, 2014. urtearen amaieran, langileen erdiek baino gutxiagok (%48,6k) soilik zuten hitzarmena eguneraturik: "Erabakitzeko eremua lekuz aldatzen ari da". 2013. urtearen amaieran, 454.525 langile zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziaturiko sektoreko hitzarmenen baten babespean; urtebete geroago, ia 150.000 gutxiago zeuden: 307.000. Estatu eremuko hitzarmenak aplikatzen zaizkien euskal langileak, berriz, gero eta gehiago dira: 146.000, 2013an baino 21.000 gehiago. Enpresako hitzarmenak ere gehiago dira, baina mila langile gehiago soilik daude itun horien babespean.

Kontratazioak igo izanari ere ikusten dizkio itzalguneak LHK-k. Nabarmendu du kontratu berrien %93,1 aldi baterakoak eta iraupen laburrekoak direla. Lanaldi partzialeko kontratuek ere gora egin dute, eta, txostenean jasotzen dutenez, sexuaren arabera banatuta daude. Lanaldi osoko kontratuak sinatu dituzten 274.979 gizonezkoak dira, eta 177.070, emakumezkoak; lanaldi partzialetan, alderantziz: 213.939 emakumeak izan ziren, eta gizonak, 99.147. Lan gatazken inguruko datuak ere bildu dituzte txostenean. Urtebetean nabarmen egin dute behera. Precon gatazkak konpontzeko 1.349 prozedura eskatu zituzten duela bi urte, eta 581 iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.