URTEURRENA
Hamabost urte Felix Iñurrategi hil zela
Gasherbrum II mendia jaisten ari zirela izandako istripuan hil zen mendigoizale euskalduna; mendian geratu zen betiko. Gaur hamabost urte bete dira.

Zorigaiztoko eguna izan zen gaurkoa orain hamabost urte. Alberto anaiarekin batera egin zuen hamabigarren zortzi milako mendia zen Gasherbrum II (Pakistan) Felix Iñurrategirentzat. Eta igotzea lortu zuten biek, baina ez jaistea.
Euren zaletasunak lotura berezia sortzen zuen bi anaiengan: mendiak. Elkarrekin ibilbide luzea zuten egina, eta mendigoizaleen artean bikote ezaguna osatzen zuten mundu mailan. Baina 2000. urtean bi anaien bideak banandu egin ziren Felixen heriotzarekin; Albertok anaia galdu zuen betiko.
"Guk beti esaten genuen gailurra kanpaleku nagusira itzulitakoan ospatu behar zela", esan zuen Alberto Iñurrategik duela bi urte ETBn egindako elkarrizketa batean. 2000. urteko uztailaren 28an anaiari soka apurtu zitzaion, eta ezin izan zuten gailurra ospatu.
Elkarrekin egindako ibilbideak, ordea, baditu ospatzeko moduko hainbat lorpen. Euskal mendizaletasuna profesionaltasunaren bidean jarri izana eta mendian beti erakutsi duten zuhurtasuna dira ibilbide horren ezaugarririk esanguratsuenak.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.