GREZIA
Syrizako hainbat kritikok erreskatearen aurkako mugimendua sortuko dute
Tsiprasen gobernuak beste zubi kreditu bat saihestearen «garrantzia» nabarmendu du legebiltzarreko saioan. Eurotaldea gaur bilduko da.

Zatiketa gero eta sakonagoa da Syrizan, Greziako Gobernuaren buru den koalilzioan, Alexis Tsiprasen gobernuak hartzekodunekin akordioa lortu zuenetik. Hirugarren erreskateari argi berdea emateaz eztabaidatzen ari da Greziako Parlamentua, eta goizalderako espero da bozketa.
Bertan iragarri du Panayiotis Lafazanis Syrizako kideak erreskatearen aldeko mugimendu bat sortzeko asmoa. Lafazanisek eta Syrizako beste 11 kidek izenpetu dute agiri bat, "herritarren demokrazia eta justizia sozial desioa justifikatuko duen mugimendu batu" baten sorrerara deitzeko: "Memorandum berriaren aurkako borroka orain hasten da, herrialdeko txoko bakoitzean herritarrak mobilizatuz".
Sinatzaileek argudiatu dutenez, hirugarren erreskatea sinatuz, uztailaren 5eko erreferendumean ezezkoa bozkatu zuten herritarren aurka ari da gobernua.
Tsakalotos, akordioaren alde
Bestela hitz egin du Euklides Tsakalotos Greziako Finantza ministroak parlamentuan. Hirugarren erreskateari buruzko akordioa onartzearen garrantzia azpimarratu du, eta gaineratu horrek zubi kreditu bat jaso behar izatea saihestuko duela. Azaldu du halako mailegu batek berehalako ordainketei aurre egiteko balioko lukeela soilik.
Eurotaldea ostiralean bilduko da, erreskatearen itunari oniritzia emateko. Asteartean heldu ziren adostasunera itunaren oinarriari buruz; horren arabera, hirugarren erreskatea 86.000 milioi euro ingurukoa izango da hiru urterako, eta lehen zatia —25.000 milioi inguru— abuztuaren 20a baino lehen kobratzea da Atenasen helburua, egun horretan Europako Banku Zentralari egin behar dion 3.400 milioiko ordainketa egin ahal izateko.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
