Kontxako Bandera
Orain arteko onena
Lehen jardunaldian sekulako estropada berdindua jokatuta, San Juanek 2,14 segundoren aldea dauka Hibaikarekiko, eta hirurena Zumaiarekiko.

Jakina zen Zumaia eta San Juanen artekoa izango zela Kontxako Banderako lehen jardunaldiko lehia, baina hirugarren ontzi bat sartu zaie bandera eskuratzeko borrokan, Hibaika.
San Juan atera da lehen kaletik, Hibaika bigarrenetik, Zumaia hirugarrenetik eta Orio laugarrenetik. Hasiera hasieratik izan da lehia estua bi faboritoen artean, eta lehen minutuetan Zumaia nagusituko zela zirudien arren, ziabogaren ondoren San Juanek hartu die aurre, Hibaika eta Zumaia ondo-ondotik zituela.
Azkenik San Juaneko neskentzat izan da garaipena, eta bi segundora geratu da Hibaika eta hirura Zumaia.
Dena den, ezer ez dago erabakita izan ere aldea horren txikia izanda, edozer gerta daiteke datorren igandeko jardunaldian.
Gustura emaitzarekin
Nerea Perez, San Juaneko patroia, pozik lortutako emaitzarekin. "Gogorra izan da. Batez ere ziaboga arte ia berdindurik joan garelako, nahiz eta gero lortu dugun aurretik jartzea. Ez dira segundo asko lortu ditugunak, baina aurretik egotea asko da".
Aldiz, egindako lanarekin ez da erabat gustora agertu Zumaiako patroia, Nagore Osoro: "Aurretik joan gara ia bide guztian, eta agian ez dugu behar bezala aprobetxatu tarte hori". Hala ere, Osorok berak nabarmendu duenez, "hiru segundo ez dira ezer".
Denborak
San Juan: 10 minutu eta 36 segundu
Hibaika: 10 minutu eta 38 segundu
Zumaia: 10 minutu eta 39 segundu
Orio: 10 minutu eta 49 segundu
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.