urteurrena

GALek Monbar hoteleko atentatuan hildakoak omendu dituzte

Lau errefuxiatu hil zituen: Jose Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza; Jean Iriarte zauritu egin zuten. Ostiralean bete ziren 30 urte eraso hartatik.

Monbar hotelaren atarian omendu dituzte erasoan hildakoak eta haien senideak.
Monbar hotelaren atarian omendu dituzte erasoan hildakoak eta haien senideak. / Bob Edme

Ainhoa Oiartzabal -

2015eko irailak 26

Monbar hoteleko kafetegira tiroz sartu ziren bi pertsonak sarraskia egin zuten 1985eko irailaren 25ean. Jose Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza hil eta Jean Iriarte zauritu egin zuten. Tiroka egin zieten luze, hilik zeudela ziurtatzeko. GALen erasoa izan zen, hark eginiko atentaturik odoltsuena.

Lekukoek Pierre Frugoli eta Lucien Mattei erasotzaileak harrapatzea lortu zuten. Biak epaitu eta zigortu zituzten 1989an, Parisen. Frugoliri hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Matteiri, bizi osorako espetxealdia.

Txetx Etxeberri atentatuaren lekuko eta ondoko pertsekuzioaren protagonista izan zen. Paddy Woodworth kazetari irlandarrari kontatu eta honek Dirty War, Clean Hands liburuan jaso zuenez, "denbora" hartu zuten GALek kontratatutako bi kidek errefuxiatuak hiltzeko. "Epaiketan jakin nuen 50.000 libera ordaintzen zizkietela zauritu bakoitzeko eta 200.000 hildako bakoitzeko".

Atentatua izan eta berehala autoz iritsi zen beste errefuxiatu baten ibilgailura igo eta atzetik segitu zieten mertzenarioei. Santespirituko zubian gelditu zirela ikusi zuten, tren geltokira joateko. "Pistolak ateraz gero, harrapatu egingo genituen autoarekin. Baina ez zituzten atera, eta autotik atera eta banan-banan harrapatu genituen". 

Omenaldia Baionan

Atentatu haren 30. urteurrenenean eta Gudari Egunaren karietara, omenaldia egin dute Monbar ostatuaren atarian. "GALek eta errepresioak eragindako biktimak omentzeko eta Euskal Herrirako egia eta memoriak garrantzia dutelako" deitu dute ekitaldira, Egia bide, askatasuna amets lelopean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna